GETXO. Aurreko lizitazio-epean hutsik geratu eta gero, berriz ireki da Romo Kultur Etxean dagoen RKE Kafetegiaren ostalaritza-ustiapenerako kontratua eskuratzeko eskaintzak aurkezteko deialdia. Kontratua lau urtekoa izango da hasiera batean eta beste lau urtez luzatu ahal izango da. Kafetegia hartzen duenak 425 euro ordaindu beharko ditu hilean, gutxienez, 5.100 euro urtean, BEZik gabe. Esleipena eskatzeko epea ekainaren 22an itxiko da.

Kafetegia beheko solairuan dago, 162 m2 inguruko azalera erabilgarria du, sarbide independente bat dauka, baita eraikinaren barrutik sartzeko sarbide bikoitza, eta kanpoaldean terraza bat jartzeko aukera izango du. Establezimendua jende guztiarentzat egongo da zabalik eta 2. taldeko ostalaritza-establezimendu moduan funtzionatuko du. Gutxienezko irekiera ordutegia honakoa izango da: 08:00etatik 22:00etara, astegunetan, eta 09:00etatik 21:00etara, larunbat, igande eta jaiegunetan (itxita egongo da abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean).

Lokala eraikinaren hirugarren solairuan dagoen Nagusien Etxearen taberna-jantoki gisa ere erabiliko da; kasu horretan, menua ezin izango da 8 euro baino garestiagoa izan, eta menua etxera eroateko aukerak erraztu behar izango dira. Halaber, orotariko produktuez gain, Bidezko Merkataritzako kafea, txokolatea, tea eta azukrea saltzeko aukera eskaini beharko dio jendeari.

Bestalde, baldintza-pleguan ezartzen da kafetegia, udal ekipamendu horren gainerako zerbitzuekin bat eta Udal Euskara Planarekin bat, euskara modu normalizatuan eta egunerokoan erabiltzeko espazioa izan behar dela. Horrenbestez, lizitazioan parte hartzen duenak arlo linguistikoan horretarako gaitasuna duela egiaztatu beharko du. Lokalaren publizitateari, irudiari edo materialei dagokienez, pertsona edo enpresa esleipendunak hizkera ez-sexista erabili beharko du eta berdintasun-balioak dituen irudia sustatu beharko du. Era berean, eta kontratazio eta/edo ordezkapen berriak behar diren guztietan, esleipendunak emakumeak kontratatzeko konpromisoa hartzen du.

Alarma-egoera dela eta ezarritako murrizketengatik, eskaintzak bitarteko elektronikoak erabiliz aurkeztuko dira "Lizitazio Elektronikorako Sistema" izeneko aplikazioaren bitartez, Kontratazio Publikoa Euskadin plataformaren barruan. Beharrezkoa den informazio guztia udal webguneko Kontratugilearen Profilan dago eskuragarri: kontratugilearen profila, baita Ondare eta Etxebizitza Sailean ere (Fueros 6; Tel.: 94 466 00 44; e-posta: ondarea@getxo.eus).