GETXO. Deseskalatzearen bigarren fasearekin batera, pixkanaka-pixkanaka normaltasun berrirantz doa gizartea. Hurrengo astelehenean, ekainaren 1ean, Fadurako kanpoko guneak irekiko da berriro, konkretuki belodromoa, atletismoko pista, tenis eta padeleko pista estaligabeak eta erabilera anitzeko belar artifizialeko eremua. Hori bai, erabiltzaileek aurretizko hitzordua eskatu beharko dute eta, noski, segurtasun-neurri guztiak bete behar izango dituzte.

Tenis eta padelerako pistak Internet bidez erreserbatu beharko dira Getxo Kirolak-en web orrialdean ohiko araudia jarraituaz. Kantxa bakoitzean gehienez bi pertsona egongo dira (padelean ere bi pertsona ibili ahal izango dira pista bakoitzean). Atletismoko pistari eta belodromoari dagokienean, horietan ere edukiera kontrolatuko denez, aldez aurretiko hitzordua eskatu beharko da Getxo Kirolakeko arreta-telefonora deituta: 94 430 80 70.

Instalazioak erabiltzeko ordutegia kiroldegien ohiko ordutegia izango da: 8:00etatik 21:30era bitarte, 10:00etatik 12:00etara bitarteko salbuespenarekin, ordutegi hori soilik 70 urtetik gorakoentzat edo osasun-egoera ahula dutenentzat izango baita. Fadurako kanpoko zona horretara garagardotegi zaharraren ondoan dagoen sarreratik soilik sartuko da, Makalen etorbidetik, eta Iturgitxiko zonan, belodromoaren eta errugbiko zelaiaren alboan dagoen atetik.

Getxo Kirolak arduratuko da osasun-agintariek ezarritako murrizketak betearazteaz. Hori dela eta, eta kutsatze-arriskua murrizteko helburuarekin, aldagelak ezingo dira erabili, eta soilik irekita egongo dira atletismoko eta errugbiko harmailen beheko aldean dauden komunak.

SKATEPARKEAK ETA SAN NIKOLASKO PILOTALEKUA

Aste honen hasieratik aurrera, Areetako eta Arrigunagako skateparkeak eta San Nikolas plazako pilotalekua erabili daitezke. Kirola horiek egiterakoan ere 2 metroko tartea errespetatu beharko da instalazioen erabiltzaileen artean. Halaber, eskularruak erabiltzea gomendatzen da.

Hilabete hauetako osasun-larrialdiaren ondorioz aurreikusi ezin den egoera dela eta, Getxo Kirolak lanean ari da gainerako instalazioak irekitzeko, osasun-agintariek ezarritako edukiera-mugekin. Tartean, Fadurako kanpoko igerilekuak ireki nahi dira udako denboraldirako, eta, aurreko urteetan bezala, ekainaren erdi aldera ireki daitezke.

Udal-kiroldegiak erabiltzeko aukerak zehatz-mehatz ezagutzen ditugunean, Getxo Kirolak-ek abonamendu-tasari dagokion deskontua aplikatuko die pertsona abonatuei, instalazioak itxi behar izan diren denbora kontuan hartuta.