GETXO. Getxoko Udalak gizarte laguntza eskaintzen duten Caritas, Gurutze Gorria eta Sortarazi elkarteei dirulaguntza zuzenak eskainiko dizkie, gizarte-bazterketa egoeran edo arriskuan dauden pertsona eta familiei laguntza emateko koronabirusak eragindako krisialdiaren aurrean. Guztira, 40.000 euro banatuko dira: 20.000 euro Sortarazirentzat, 10.000 euro Caritasentzat eta beste 10.000 euro Gurutze Gorriarentzat.

Horrela, Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemaren prestazio eta zerbitzuen katalogoak aurreikusten duena betetzen da, hau da, herri administrazioek, gizarte-ekimen pribatuak garatzen dituen gaitasunak eta baliabideak aprobetxatzen saiatzea, egungo egoeran gainera erakunde horiek direlako, hain zuzen ere, eskarien parte handi bat jasotzen ari direnak, elikagaiak banatzen dituztenak eta beste jarduear batzuk egiten diutztenak. "Udalerrian oso errotuta dauden hiru elkarteei ematen diegun laguntzarekin, familia ahulenen eta COVID-19ren krisi honen ondorioz, kaltetuago izan direnen oinarrizko beharrizanei erantzuteko lankidetza ahalbidetzen saiatzen ari gara", azaldu du Carmen Diazek, Gizarte-Kohesioko zinegotziak.

Elkarteek diru-laguntza hurrengo jardueretarako erabiliko dute: elikagaien eta higiene- eta garbiketa-produktuen loteen banaketa, baleen edo erosketa-txartelen kudeaketa, tutoretza autonomia pertsonal maila handiagoa eskuratzeko eta laguntza ekonomikoen kudeaketarako laguntza-programa. Familiek zuzenean eskuratu ahal izango dituzte jarduera horiek, baina dagokion Oinarrizko Gizarte-Zerbitzuaren parte-hartzea bermatu beharko da.