GETXO. Konfinamendua orain dela hilabete bat baino gehiago hasi zenetik, Getxo Kirolak erakundetik euren zerbitzuak moldatu dituzte erabiltzaileak euren etxetatik klaseak jarrai ditzaten, "Etxean kirola egin" lelopean. Orduz geroztik mota guztietako jarduerak abiarazi dituzte getxotarren artean jarduera fisikoa sustatzeko helburuarekin.

Horrela nahi duten pertsonak harremanetan jar daitezke gimnasioko taldeko profesionalekin, horiek entrenamenduak astero pertsonalizatuko baitizkiete, norberaren ezaugarriak, premiak eta etxean entrenamendurako duten materiala kontuan hartuta. Era horretan, gimnasioarekin harremanetan jartzeko, mezu bat idatzi behar da getxokirolakfitness@gmail.com posta elektronikora edo 675714144 telefonora deitu.

ZUZENEKO KLASE GEHIAGO

Horrez gain, Getxo Kirolak-ek Internet bidezko zuzeneko klaseak areagotzea erabaki du. Asteotan, 1.700 bat pertsonak hartu dute parte klase horietan. Astelehenetik ostiralera honako klase hauek eskaintzen dira: egokitzapen fisiko orokorra adinekoentzat (9:30ean), global fitness eta egokitzapen orokor aurreratuagoa (10:30ean), pilates eta bizkar osasuntsua (11:30ean), haurrentzako klasea (17:30ean) eta yoga (18:30ean). Modu horretan, seigarren klase bat gehitu da, eta 19:30ean izango da: pilates modalitatea astelehen eta asteazkenetan, eta global fitness klasea astearte eta ostegunetan. Klaseetara edonor sar daiteke eta doakoak dira. Getxo Kirolaken web orrialdeko Kirol-ikastaroak online ataletik sar daiteke.

Era berean, Getxo Kirolak-en YouTube kanalean, Getxoko kirol-komunitateak egindako bideoak argitaratzen ari dira gomendio eta entrenamendu gehiagorekin. Besteak beste, klub eta elkarteek, banakako kirolariek, gimnasioek eta udalerriko kirol-zentro pribatuek egin dituzte. Bideo horiek ere 1.700 bat lagunek jarraitu dituzte azken aste hauetan zehar.

Azkenik, nabarmendu behar da "Etxean kirola egiten baduzu, konta ezazu sare sozialetan #GetxoKirolak etiketa erabilita" goiburuarekin, kirol elkarteak beren sare sozialetan aholkuak eta testigantzak argitaratzen ari direla egunotan prestaketa nola burutzen duten erakusteko, Getxoko herritarrak aipatutako etiketarekin etxean egiten duten jarduera fisikoa partekatzera animatzearekin batera.