GETXO. GETXO. Koronabirusak eragindako eta martxoaren 14an indarrean jarritako alarma-estatuak eragin zuzena izan du pertsona guztien eguneroko bizitzan. Hori dela eta, herritarrek haien bizimoduan ahalik eta gutxien nabari dezaten, Getxoko Udalak, Bizkaiko beste hainbat herrien eredua jarraituz, neurriak hartu ditu 2020ko zerga periodikoak eta ez-periodikoak kobratzeko orduan. Horrela, geroratze eta zatikatzeei, premiamendu-aldiko zorrei, tributu-izaerako birjarpen-errekurtsoei eta hornitzaileei ordaintzeari eta laguntzei dagokienez, epe berriak azaleratu ditu Getxok. Getxotarrek ez dituzte tasa horiek ekainerarte ordaindu behar izango.

Hala, adibidez, 2020ko egutegi fiskalean sartutako aldizkako zergak (OHZ, Ibilgailuen gaineko Zerga, TAO txartelen tasa...) biltzeko borondatezko epea ekainaren 1aren ondoren hasiko da; dagoeneko indarrean dauden atzerapenak eta zatikapenak, ofizioz, hilabete bat atzeratzen dira, berandutze-interesik sortu gabe, eta martxoaren 16tik ekainaren 1era bitartean borondatezko epea amaitzen zen zorren premiamendu-probidentzien jakinarazpena ekainaren 1era arte etengo da.

Beste neurri batzuen artean, udalerriko herritarrek eta Udalari zerbitzuak ematen dizkioten enpresek jasan duten eragin ekonomiko negatiboa arintze aldera, arreta berezia jarriz enpresa txiki eta ertainetan nahiz langile autonomoetan, eta horien likidazio-bermean laguntzeko asmoz, Udalak areagotu du izapidetutako hornitzaileen eta laguntzen ordainketa-aginduen maiztasuna; hala, asterokoa izan ordez egunerokoa izango da. (diruzaintza@getxo.eus).