43 saltoki izango dira

Getxoko Komiki Azoka urriaren 18tik 20ra ospatuko da Areetako Geltokia plazako karpan

Azokari buruzko informazio osoa hemen

09.02.2020 | 17:59
Getxoko Komiki Azoka urriaren 18tik 20ra ospatuko da Areetako Geltokia plazako karpan.

Azokari buruzko informazio osoa hemen

BILBO. Ohi denez, artista ospetsuek bisitatuko dute Getxo, horietako batzuk nazioartean sona handia dutenak, eta hitzaldi eta aurkezpenetan parte hartuko dute; sinadura-saioak ere egingo dituzte, zaleek gustukoen dituzten egileak ezagutzeko aukera izan dezaten. Sinatze-txandak Romo Kultur Etxean zein karpako saltokietan izango dira.

Aurtengo gonbidatuen artean nabarmendu behar dira, adibidez, Gabrielle Bell, Ulli Lust, Max, Javier de Isusi, Laura Pérez, Flativa Banana, Artur Laperla, Judith Vanistendael, Pepe Larraz, David López, David Lafuente, Salva Espín, David Rubín, Mamen Moreu, Álvaro Martínez eta Agustín Ferrer. Egile gonbidatuen artean Marika Vila aipatu behar da bereziki, 70eko hamarkadaren amaieran sortutako egile-komikiaren eta komiki feministaren erreferentzia, hain zuzen ere. Egile bartzelonarrari omenaldia egingo dio azokak bere ibilbide artistikoa saritzeko. Halaber, Bilboko Joker liburu-denda omenduko dute Getxon. Bere merkataritza-eskaintzaz gain, denda horrek lan handia egiten du komikia zabaltzeko hainbat kultura ekimen bultzatzen.

Komiki-erakusketak ez dira faltako Azokan. Hala, Bizkaia Zubian Higi Vandisen "Jarana" izeneko erakusketa izango da ikusgai urriaren 4tik 31ra. Torrene aretoan, berriz, "Idazlumak eta binetak" izeneko erakusketa egungo komiki arabiarraren lanak bilduko ditu hilaren 4tik 27ra. Azokaren karparen inguruan, Mikel Santos "Belatz"en "Lucio Urtubia: Una vida de lucha, en viñetas" erakusketa ikusi ahal izango da urriaren 7tik 20ra eta, Algortako Kultur Etxean, Iñaket eta Mikel Begoña egileek "Ötzi, komiki kalkolitiko bat" izenekoa bisitatu ahal izango dute zaleek.

Azokaren eskaintza borobiltzeko, Kataluniako Museu D'Art-etik datorren erakusketa izango da Getxon, "El Víbora. Comix Contracultural" izenekoa. Horren bitartez aldizkari ospetsuaren agerpenaren 40. urteurrena ospatzen da. El Víbora-k (1979-2004) ezin hobeki irudikatu zuen demokraziaren hasieran Bartzelonan bizi zen sinkretismo kulturala. Bere orrietan 70eko hamarkadan underground kultura (hiriari bereziki loturiko mugimendu kultural eta artistikoa) abian jarri zuten zenbait egileren lanak argitaratu ziren. Erakusketa honetan aldizkariaren ibilbidea gerturatzen zaie zaleei artista ezagunenen lan originalen bitartez.

noticias de deia