BILBO. Uda, oporrak aprobetxatuz, eskolak eta hezkuntza-zentroak hobetzeko lanak egiteko garaia da udalentzat. Horregatik, Sopelak Zipiriñe Eskolako instalazioetan argikuntza hobetzeko 80.000 euro baino gehiago bideratu ditu. Espero dute lanak ikasturtea hasi baino lehen bukatuak egotea.

Honela, alde batetik, udal sopeloztarrak 45.757 euro (BEZa barne) bideratu ditu ikastetxeko ikasgela guztietako argiztapena hobetzeko. Electricidad Martin, S.A. izan da uztailean zehar burutu eta astebete iraun duten lan hauek egiteaz arduratu den enpresa.

Halaber, Udalak abuztuan zehar ere hobekuntza gehiago egingo ditu ikastetxean eta garrantzitsuak gainera. Guztira 37.614 euro (BEZ barne) inbertituko ditu patioko argiztapena hobetzeko lanei ekiteko eta parkea erabiltzen duten ume eta familien segurtasun eta gozamenerako. Lanak Electrificaciones Radimer, S.l. enpresak burutuko ditu, bi asteko iraupena izango dute eta guztira 5 luminaria berriren instalazioan datzate.

Josu Landaluze, Sopelako alkatearen esanetan “hobekuntza hauei esker, batetik ikasgela desberdinetako argi-mailak hobetuko ditugu eta bestetik, instalazioen mantentzean ere aurreztea bilatzen dugu". Landaluzek nabarmendu nahi izan du jarduera hauek, zentroko langile eta familien eskaera bati erantzuna emateaz gain, Udalak ikastetxeko instalazioak hobetu eta modernizatzeko duen konpromisoaren seinale direla, ikastetxe honetan lan egiten duten irakasle eta profesionalen lana erraztuz.

Bi neurri hauei esker, ikasgeletan argiztapen egokia lortuko da eta era berean, patioko segurtasuna ere gehiago bermatuko da, eraikuntzako eraginkortasun energetikoa hobetzeaz gain. "Argi eraginkorragoa eta kalitate handiagokoa izango da", adierazi du alkateak.

Aurrekontu osoa 83.371 eurokoa (BEZ barne) izan da.