BILBO. Ekainaren 4tik 10era ospatuko den Getxoko Aste Berdeak nobedade batzuk dakartza. Nobedade hauen artean Mannequin Challenge edo manikiaren desafioa, Playmobil panpinatxoen erakusketa eta Azkorri-Gorrondatxe hondartzako apo lasterkariaren habitata ezagutzeko gaueko txangoa daude.

Egitaraua osatzeko, hainbat tailer eta bestelako dibulgazio-, informazio- eta parte-hartze bidezko ekintzak (hitzaldi,, proiekzio, jolas eta abar) antolatuko dira, ingurumenarekiko kontzientziazioa bultzatzeko eta etorkizun-sen ekologikoagoa zabaltzeko.

Aste Berdeak Ingurumen-Legeak izango ditu ardatz nagusitzat aurten, “eragin handia baitute gure eguneroko bizitzan”; izan ere, datorren asteazkeneko, ekainaren 5eko Ingurumenaren Nazioarteko Eguna ospatu nahi da. Horrenbestez, programatu diren jardueren bitartez aipatutako legeak hobeto ezagutzea proposatuko da “eta horiek betetzeko beharraz jabetzea ere dute helburu, ura eta airearen kalitatea hobetzen laguntzen digutelako eta birziklatzea eta hondakinen kudeaketa sustatzen dutelako”, adierazi du Ingurumen Arloko jarduneko zinegotzia den José Luis Landak.

Programa, egunez egun

Asteartetik astelehenera, ekainaren 4tik 10era, Playmobilen erakusketa bisitatu ahal izango da Fadurako kiroldegian. Asteartean beste bi jarduera gehiago egingo dira. 12:00etan, Areetako Geltokia plazan, %100 kotoizko poltsak doan banatuko dira plastikozko poltsa bat birziklatzeko eramaten duten pertsona guztien artean. Arratsaldean, 19.00etatik 20:30era, urari buruzko hitzaldi bat antolatuko da Romo Kultur Etxean (izena eman behar da aldez aurretik). Alberto Santolariak eskainiko du hitzaldia, Itsas Biologian doktore, zientzia dibulgatzaile eta ingurumenaren ekintzailetzan aditua.

Asteazkenean, ekainak 5, hiri-ortu ekologiko bat jartzen ikasteko tailerra egingo da. 18:00etatik 19:30era izango da Villamonteko Kultur Aretoan (izena eman behar da aldez aurretik).

Ekainaren 6rako, osteguna, gorde dira Bizkaian hondakinen gestioari buruzko hitzaldi eta erakusketa. Areetan dagoen Getxo Elkartegian antolatuko dira, 19:00etatik 20:30era (izena eman behar da aldez aurretik). Halaber, ingurumenari buruzko aholkuak bilduko dituen erakusketa izango da.

Ostiralean, ekainak 7, %100 kotoizko poltsak banatuko dira berriro, baina oraingo honetan, Algortako Geltokia plazan, 12:00etatik aurrera. Arratsaldean, 18:00etatik 20:00etara, toki berean, haurrentzako jolasak egingo dira, bosgarren edukiontziaren inguruan.

Larunbatean, 8an, jarduera eskaintza zabala izango da: 08:30etik 12:30era hegaztien eraztunketa tradizionala egingo da Bolue Hezeguneko ponpa-etxean; 11:30etik 13:00etara, Areetako Geltokia plazan, haurrentzako tailerra zuhaitz erraldoi bat hainbat materialez egiten ikasteko; 18:00etatik 19:30era, San Nikolas plazan, musika-tresnak egiteko tailerra, birziklatutako edo etxeko materialekin, eta hori amaitzerakoan kontzertua eskainiko da egindako instrumentuak erabiliz; toki berean, 20:00etan, Mannequin Challenge (edo manikiaren desafioa, bideo biraletan oinarritutako Interneteko gertakaria, non mugimenduan dagoen kamera batek erabat geldirik dauden protagonistak filmatzen dituen) “Ez gelditu. Ingurumenaren alde mugi zaitez” goiburuko erronkan parte hartzeko aukera izango da. Eta 22:00etatik 23:30era, gaueko ibilaldia egingo da Azkorri hondartzara apo lasterkariaren habitata ezagutzeko (izena eman behar da aldez aurretik).

Igandean, 9an, beste hiru ekintza izango dira. 09:00etatik 13:30era, Gorrondatxeko txilardiak berreskuratzeko jarduera, ingurumenaren aldeko ekintza boluntarioa, plastikorik gabekoa, espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko eta txilardiak berreskuratzeko proiektua ezagutarazteko (izena eman behar da aldez aurretik). Bestalde, txangoa antolatuko da inguru horretako itsaslabar eta dunetara, 10:00etatik 12:00etara (hondartzako aparkalekutik irtengo da), aparteko harribitxi geologiko eta biologikoa. Eta arratsaldean, 18:00etatik 19:30era, irabiaki berdeen tailer praktiko eta erakusgarria, Romoko Errekagane kaleko Hamaiketako txokoan (izena eman behar da aldez aurretik).

Azkenik, astelehenean, ekainak 10, “Before the Flood” (“Berandu baino lehen”) dokumentala proiektatuko da, 19:00etan Romo Kultur Etxean (izena eman behar da aldez aurretik). Leonardo DiCaprio aktore eta nazio batuetako Bakearen mezulariak protagonista duen lana da. Horrez gainera, Ingurumen Arloak seigarren Getxoko Balkoiak eta Leihoak Edertzeko Lehiaketa deitu du. Argibide gehiago www.getxo.eus/getxoberdea webgunean. Inskripzioak 605 74 90 64 tel. edo getxoasteberdea@gmail.com helbidean.

Ingurumen Aretoa

Ingurumen Aretoak, halaber, zenbait jarduera programatu du Aste Berdea dela eta. Horrela, ekainaren 3tik 9ra, Getxoko Hiri-Ekosistemari buruzko argazki lehiaketa egingo da. Larunbatean, 8an, “Familientzako Escape Rooma: Zaborreta doktorea” izango da, 8 urtetik gorakoentzat gomendatutako saioa. Bi txanda izango dira (6 pertsonetako taldeetan): 10:15ean eta 12:15ean (izena eman behar da aldez aurretik). Eta igandean, 9an, Bolue esploratzeko ibilbide gidatua eta familiarteko garbiketa saioa hezegunean, 11:00etatik 14:00etara (izena eman behar da aldez aurretik). Jarduera guztiak dohainik dira