Urtero bezala, Amorebieta-Etxanoko Udalak bat egin du aurten ere bai irailaren 16tik 22ra bitartean ospatzen ari den Europako Mugikortasun Iraunkorraren Astearekin. Ekimenaren helburua biztanleriaren artean garraio publikoaren erabilera edota kutsatzen ez duten beste garraio-moten (hala nola bizikleta edo monopatina) erabilera sustatzea da.

ZIKLO-PLANAREN AURKEZPENA

Mugikortasun iraunkorraren politiken barruan, Amorebieta-Etxanoko Udalak Ziklo Plana martxan jartzea onartu zuen. Helburua da, Amorebieta-Etxanoko hirigunean bizikletaren presentzia indartzea eta honek lehentasuna izatea gainerako trafikoarekin alderatuz gero. Zornotzarrek plana xehetasun guztiekin ezagutzeko aukera izango dute datorren irailaren 16an, Zelaieta Zentroan, 19:00etan.

ADIN GUZTIETARA ZUZENDUTAKO EKITALDI JASANGARRIAK

Irailaren 22a izango da, Mugikortasun Astearen baitan, ekitaldi gehien izango dituen eguna. Zelaieta parkea eta Gudari kalea dira aukeratutako agertokiak, eta 17:00etatik 20:00etara izango dira ekitaldiak. Informazio karpa bat egongo da, eta bertan mugikortasun osasungarriko moduen onurei buruzko mezu bat utzi ahal izango dute gerturatzen direnek, ondoren editatuko den bideoan ateratzeko. Horrez gain, oztopo-ginkana bat egongo da, eta bakoitzak bere bizikleta-trebetasunak ezagutu ahal izango ditu segurtasunez mugitzeko; jarduera horretan parte hartzeko, bizikleta eta kaskoa eraman behar dira. Aurten ere bide-hezkuntzako zirkuitua izango da, oinarrizko zirkulazio-arauak ikasteko; jarduera honetarako ere bizikleta eta kaskoa eraman behar dira. Partybikea egun honetarako antolatu den beste jarduera bat da: jarduera honen helburua da, bizikletaz gozatzea eta pedalei eragitea, beste 5 lagunekin batera, gidari baten laguntzarekin. Eta, azkenik, mugitzeko aukera desberdinak ikasteko tailerra ere izango da, '7 hizkuntzatako bota tailerra' izenekoa.

PREBENTZIO-NEURRIAK KONTUAN IZANGO DIRA UNEORO

Udalak azpimarratu nahi du jarduera guztietan agintari eskudunek emandako prebentzio-neurriak beteko direla. Gainera, hilaren 22an, pertsona bat arduratuko da egingo den jarduera bakoitzean neurriak behar bezala betetzen direla zaintzeaz.