Amorebieta-Etxanoko Udala oso pozik agertu da udalerrian eraikitako Pump Track pista berriak izan duen harrerarekin. Ekimen hau aurtengo ekitaldiko aurrekontu partehartzaileetan egindako proposamen batetik sortu egin zen.

110 METROKO IBILBIDEA DUEN ZIRKUITUA

Udalak hilabete inguruan eraiki du pista berria Gure Kirolak pilotaleku ondoan, Nafarroa eta Jauregi Zahar kaleen artean. Zirkuituak, guztira, 110 metroko ibilbidea du eta bi mailatan dago banatuta: ertaina eta aurreratua. Maila ertaineko ibilbideak 90 metro lineal ditu, 1,80 metroko zabalerarekin. Diseinua maila guztietara dago egokitua, 6 kurbarekin eta 17 oztoporekin; dubbyak eta jauzi bikoitzak egin daitezke bertan. Maila aurreratuak berriz, 20 metro linealeko ibilbidea du, trebetasun handiagoko erabiltzaileentzat diseinatutako bi jauzirekin. Zornotzarrek maila ertainetik aurreratura joan-etorria egin ahal izango dute ibilbidearen bi puntutan.

BELAUNALDI GUZTIETARA EGOKITUA

Ia 49.000 euroko inbertsioarekin, asfaltozko Pump Truck pista, herritar guztientzat egokitua izateko diseinatu da. Helburua da, belaunaldi guztiek izatea aukera aire-zabalean egiten den modalitate berri honetaz gozatzeko.

DUDAGOITIAKO AUZOA

Dudagoitiako auzoak ur edangarria hornituko duen sare berria izango du. Amorebieta-Etxanoko Udalak lizitaziora atera du obra Dudeako San Migueletik Dudagoitia auzoraino ur hornidura sare berria egiteko. Horretarako, presio-talde bat instalatuko da, exekuzio berriko etxola batean; hornidura-sareko konexioa intentsitate handiko polietilenozko hodi baten bidez egingo da.

HELBURUA: EDATEKO UREZ HORNITZEA ETA OHIKO MATXURAK SAIHESTEA

Gaur egun, Dudagoitiako auzoak ez du udal-saretik datorren edateko urik, berau Aietzako errekako hargune batetik baitator. Ura zaharkituta dagoen sare baten bitartez banatzen da baserrietara, eta sare horrek matxurak izaten ditu sarritan. Gainera, tratamendurik ez duenez, ezin da kontsumitu eta bizilagunek erosi egin behar izaten dute edateko ura.

Udalak nabarmendu nahi du, proiektu hau gauzatzearekin batera, egungo euri-uren sarea ere hobetuko dela; izan ere, egun zailtasunak izaten dituzte euri jasa handien ondorioz sortzen diren urak biltzeko.

EPEAK ETA INBERTSIOA

Lizitazioa zabalik egongo da abuztuaren 25a bitartean. Behin esleituta, lau hilabeteko epea aurreikusi du Udalak obra gauzatzeko. Amorebieta-Etxanoko Udalak 200.000 euro bideratuko ditu inbertsio honetarako.