Aurten, koronabirusaren pandemiak eragindako egoera sanitarioa dela eta, Ermuko Udalak bertan behera utzi ditu datozen egunetan ospatzekoak ziren Santixauetako jaiak. Hala ere, Udalak zuhurtzia eta erantzunkizuna eskatu egin die herritarrei, egun horietan zehar gerta litezkeen ospakizun alternatiboak kontuan hartuta.

"Aurten ere goiari eutsi behar diogu, berriro ere, ezin izango baitugu gure jaiez gozatu ohi bezala, lagunekin eta maite ditugunekin. Osasuna arriskuan jar dezaketen jarduerak saihestu behar ditugu. Pixkanaka borroka irabazten ari gara. Txertaketari esker egoera arintzen ari da guztiontzat, baina arduratsuak izaten jarraitu behar dugu, eta pertsonen kontzentrazioak saihestu, maskarak erabili, eskuen higienea mantendu eta, azken finean, gure helburua lortzen laguntzen diguten neurri guztiei eutsi", zehazten da dokumentuan. Herriko portal guztietan kokatuko da bandoa.

Udalean ordezkaritza duten talde politiko guztiek erantzukizun-mezu bat helarazi nahi diete herritarrei: "Zuhurtzia-mezu bat, ez lasaitzeko eskatuz baina, batez ere, itxaropen-mezu bat igorriz. Badakigu bidea gogorra izaten ari dela, baina badakigu lortuko dugula".

"Ziur gaude laster berriro normaltasunez bizitzeko aukera izango dugula, baina horretarako txertaketa-tasa altua lortu behar dugu, 'artaldeko immunitatea' deritzona lortzeko. Gure Santixauak lehen bezala ospatuko ditugu, horretaz ez dago zalantzarik; bultzadatxo bat besterik ez zaigu geratzen", dio Juan Carlos Abascal alkateak sinatutako oharrak.