ERMUA. Jardunbide egokien saio batek emango dio amaiera hil honetan Ermuko Udalak eta Merkatari eta Ostalarien Elkarteak (EMOE) martxan jarritako 'Erosketak Ermuan' berrikuntza-proiektuari. Proiektu horren helburua udalerriko merkataritza-sarea indartu eta gazteen artean merkataritza txikiaren erabilera bultzatzea da.

Izarra Centre eraikinean kokatzen den Ai!Ene enpresa arduratu da proiektua dinamizatzeaz. Hiru hilabetez, tokiko merkataritzak gaur egun dituen aukerak aztertzen eta ikusten saiatu dira. Ekimena datorren asteartean, otsailak 23, amaituko da, itxiera eta jardunbide egokien jardunaldi batekin, prozesuaren emaitzak aurkezteko eta egin daitezkeen ekintzei buruz eztabaidatzeko. Ekitaldia Izarra Centreko Auditorioan izango da 15:00etan, eta Ermuko denda guztiak gonbidatuta daude. Edukiera dela eta, bertaratzea berrestea eskatzen da Garapen Ekonomikoko posta elektronikoaren bidez, pe@udalermua.net.

Interesa duten guztiek ekitaldia jarraitzeko aukera izan dezaten, jardunaldia zuzenean emango da streaming bidez, Ermuko Udalaren Youtubeko kanalean eta Toki Garapeneko Udal Sailaren Facebook profilean.

PROIEKTUAREN GARAPENA

Saltoki txikiak beste aukera eta erosketa-esperientzia batzuen mehatxupean egon dira. Bezeroek behera egin dute azken urteotan, eta dendek hainbat erronkari egin behar diete aurre, hala nola gazteen erakarpenari. Halaber, beharrezkotzat jotzen da, enpresa guztietan bezala, berritzea, modernizatzea eta merkatuaren eskaera berrietara egokitzea, tokiko merkataritzak bitarteko digitaletan duen ikusgarritasuna eta garrantzia areagotuz.

Testuinguru horretan, Ermuko 161 saltokiren datuak aztertu dira, eta horietatik 21ek webgunea dute, 34k Instagram eta 69k Facebook, baina horietako 43 ez dira oso aktiboak azken sare sozial horretan. Gainera, tokiko 85 saltoki Google Mapsen daude, baina askok datu edo kokapen okerra dute.

Oinarri horretatik abiatuta, Ermuko Udalak, herriko dendek eta gazteek Erosketak Ermuan proiektuan parte hartu dute Ai!Ene enpresarekin batera. Hiru hilabetez, lan-saioak egin dira saltokiekin, digitalizazio-prozesuan laguntzeko, bai eta belaunaldi-erreleboaren barne kokatutako ekintzaile berrientzako esparru bat ere. Halaber, elkarrekin sortzeko saio bat antolatu da udalerriko gazteekin, biztanleriaren sektore hori proiektuan inplikatzeko eta erosketa-ohiturak ezagutzeko. Bestalde, tokiko saltokietan arrakasta izan duten berrikuntza-kasuak aztertu dira.

Orain, proiektua amaitzearekin batera, azterketaren emaitzak aprobetxatu nahi dira tokiko merkataritzan jardunbide egokietako batzuk sar daitezkeen ikusteko. Azken helburua, beraz, Ermuko merkataritzaren lehiakortasuna hobetzea da, digitalizazioak eta negozio-eredu berriek ematen dituzten aukeren bidez, hala nola zerbitizazioa, bioekonomia, ekonomia zirkularra eta produktuen eta zerbitzuen pertsonalizazioa.