AMOREBIETA-ETXANO. Astelehen honetan bertan, abenduak 7, emango dio hasiera Amorebieta-Etxanoko Udalak Gabonetarako egitarauari. Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, aurrez aurreko ekitaldiez gain, online ekintzak antolatu egin dira baita ere. Aurrez aurreko ekintza guztiak Zornotza Aretoan eta Amorebieta IV Frontoian egingo dira.

Abenduaren 7an Gabonetako argi piztea ospatuko da modu ezberdin eta berezi batean; argiak pizten diren egunean bideo bat argitaratuko da online non Musika Eskolako umetxoen koroaren eta Banda munizipalaren emanaldia ikusi ahal izango den.

Amorebieta-Etxanoko herria bisitatuko duten lehenak Olentzero eta Mari Domingi izango dira. Zelaietan dagoen Amorebieta IV. pilotalekura hurbilduko dira Gabonak agurtzera abenduaren 24ean 15:00etatik 20:00etara. Beraiekin egoteko, astebete arinago hartu beharko da aurrezita aretoko web gunean zornotzaaretoa.eus. Zita bakoitzean, familia unitate bakoitzeko 4 kide sartu ahal izango dira.

Olentzero eta Mari Domingin harrera egin ostean, Abenduaren 26an Go!azen 7.0 musikalarekin jarraituko dugu Zornotza Aretoan. 27an, Zornotza Aretoan ere, Mireia Miracleren “Rojo” antzezlanak Charles Chaplin gogora ekarriko du keinu bidezko lengoaia erabiliz eta abenduaren 28an, Txirri, Mirri eta Txiribitonen testigantza hartu zutenek “Xaguxarroski kondea” aurkeztuko dute etxeko txikienentzat. 29an, Xampatito Patoren "Só" ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da, eta 30ean Anita Maravillas taldearen Jon Braun ikuskizunaren txanda izango da arratsaldez , eta goizean 'Olentzero eta iratxoen jauntxoa' filmea eskainiko da.

Musika emanaldiek ere leku aipagarria izango dute programazioan zehar, Eñaut Elorrietaren (abenduaren 28, 19.00etan), Zetak euskarazko elektro musika proiektuaren (abenduak 28, 19.00etan) eta Izaro abeslariaren (abenduak 30, 19.00etan) eskutik Amorebieta IV Frontoian.

Eta azkenik, urtarrilaren 5ean Hiru Errege Magoak ere Zornotzan egongo dira. Hauek ere, Amorebieta IV. pilotalekuan egongo dira 16:00etatik 20:00etara. Aurrekoan bezala, Aretoko web gunean zornotzaaretoa.eus astebete arinago eskuragarri jarriko dira sarrerak eta sarrera bakoitzeko familia unitate bereko 4 kide sartu ahal izango dira.

Online egingo diren ekintza guztiak Amorebieta-etxano.eus eta zornotzaaretoa.eus webgunetan 11,00etatik aurrera egingo dira eta besteak beste, Hirutan bi! Badaukagu zer kontatu ipuin-kontalaria (abenduak 8 eta 19), Ohiane Amantegi eta Rafa Ugaldek zuzendutako Arkalaz, Zornotzako idazleak “Ibai ertzeko ipuina” liburuari buruzko hizketaldia (abenduak 12), Olentzero eta Mari Domingiren agurra (Abenduak 24), “Arrabita oroituz” (abenduak 26), Zornotzako Kine Klubaren Historia (abenduak 28) eta Irakurleen txokoa X. urteurrena (abenduak 30ean Marieta Soul eta Beitu-ren eskutik) dokumentalen aurkezpena eta Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek online egingo duten agurra nabarmendu daitezke.