ERMUA. Koronabirusaren pandemiak ikastetxe guztien planak moldatzera behartu egin du. Hori dela eta, Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuak, ikasle eta irakasle guztien segurtasuna bermatzen dituzten neurriak martxan jarri eta gero, atzo ireki zituen ateak. Momentuz bigarren mailako ikasleak hasi dira bakarrik, baina bihar bertan sartuko dira lehenengo mailakoak. Aurten ikastetxeak 81 ikasle izango ditu.

2020/2021 ikasturtea hiru espezialitaterekin hasi da: Elementu metalikoen fabrikazioko Oinarrizko Lanbide Heziketa (OLH), Ibilgailuen mantentze-lanetako OLH eta Ile-apainketako OLH. Ikasturtea aurrez aurre hasiko da, baina egungo egoera kontuan izanik, ikastetxea eta irakasleak prest daude eskolekin modu erdi-presentzialean nahiz telematikoan jarraitzeko, behar izanez gero. Eskola-ordutegia 08:00etatik 14:30era izango da, eta ikasleak modu mailakatuan sartu eta aterako dira ikastetxetik.

KONTINGENTZIA PLAN BEREZIA

Ermua-Mallabia Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutua joan den maiatzetik kontingentzia-plana garatzen ari da, ikasturtean zehar ager daitezkeen egoera desberdinei aurrea hartzeko eta horiei erantzuna emateko, ikasleen hezkuntza-eskubidea bermatze aldera. Plan hori ikastetxetik kanpoko beste profesional batzuekin koordinatzen da - Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailekoak, Berritzegunekoak edo Osakidetzakoak, besteak beste -.

Zentroak egoera berrira egokitu ditu azpiegiturak, eta orain instalazioek material higieniko-sanitario eta baliabide digital gehiago dituzte. Gainera, irakasleak digitalki gaitu dira tresna informatikoak erabiltzeko eta ikasleekiko komunikazioa hobetzeko. Bestalde, isolamendu-gela bat prestatu da ikastetxean, pertsonaren batek Covid-19 sintomarik izango balu ere. Ildo horretan, institutua osasun-arloko profesionalekin koordinatuta dago, segurtasuna eta ezarritako neurriak betetzen direla zaintzeko.

2020-2021 ikasturte honetan, ikastetxearen gizarte- eta hezkuntza-proiektuak garrantzi handiagoa hartu du; izan ere, pandemiak sortutako egoera berriaren aurrean, integratzaile soziala funtsezko figura bihurtu da ikastetxean, errespetuzko eta erantzukizun indibidualeko giroa sustatzeko.

Nabarmentzekoa da irailaren 10ean eta 11n bilerak egin zirela lehen urteko ikasleen familiekin, talde txikietan, ikastaroaren garapenaren berri emateko. Horiek guztiek lasaitasuna eta baikortasuna adierazi dute egoera berriaren aurrean, eta lankidetzan aritzeko eta komunikazio-kanal are estuagoa ezartzeko prest agertu dira, ikastetxean arrisku-egoerak prebenitzeko.