Elorriotarrek eta ingurukoek jakin badakite Ferixa Nausikoak ospakizun benetan bereziak direla, baina gaur egungo egoeran jai hauek ospatzea ezinezkoa da. Horregatik Elorrioko Udalak, uztailean adierazi zuen bezala, oraingoan ere, jairik ez dela ospatuko gogorarazi du. Osasun larrialdiak, zuhurtziaz eta arduraz jokatzea eskatzen du eta zentzu horretan, Udaleko talde politiko guztiek adostutako adierazpena luzatu dute, baita herritaren parte-hartzearekin eginiko bideo labur bat ere.

Testuinguru normal baten, asteburu honetan Elorriok 2020ko Ferixa Nausikoei hasiera emango zion. Txupinazoari, suziriei, parrandei, koadrilen arteko bazkaria, abere eta nekazaritza azoka, Sukalkia edo karrozen jaitsierak izango ziren eta kaleak alaitasunez eta musikaz beteko ziren, baina aurten ez. Koronabirusarak osasun krisialdi larri baten murgildu du gizartea eta jaiak bertan behera geratu dira.

Izan ere, eta Elorrioko udal ordezkari guztiek adostutako adierazpenean irakurtzen den bezala, “Ferixa Nausikoak maite ditugun arren aurten ezin izango ditugu ospatu. Covid-19a dela eta osasun larrialdian baikaude eta horrek arduraz jokatzea eskatzen digu. Arduraz gure ingurua eta gure ingurukoak babestu eta zaindu behar ditugulako”. Horregatik, udaleko talde politiko guztiek, elorriotarrei arduraz, zuhurtziaz eta elkartasunez jokatzeko eskatu diete, koronabirusaren hedatzea eta denon osasuna arriskuan jartzea erraztu ditzaketen jende pilaketak eta egoerak ekiditeko helburuarekin. Bestalde, inguruko herrietako biztanleei, irailaren 5etik 13ra, Ferixa Nausikoak ospatuko liratekeen egunetan, jairik ez dela egongo gogorarazi die.

Era berean, tokiko administrazioak, pandemia osoan herritarrek izan duten portaera solidarioak eta arduratsuak horrela jarraituko duela uste du.

Udalaren esanetan “konponbidearen zati bat gure esku dago, egin dezagun beraz gure esku dagoena. Ez diezaiogun birusari gure herrian sakabanatzen utzi, ezin gara itzuli gabeko puntu batera iritsi. Gure ekintzek ondorio larriak izan ditzakete maite ditugun pertsonengan eta aparteko herritarrengan”.

Mezu hau herritarren artean zabaltzeko sare sozialen bitartez partekatzen ari den bideo bat egin zuen Udalak. Bertan, udalerriko elkarteen, ostalarien, merkatarien, gazteen eta nagusiek, baita Julene Lazkano Kultura arloreko zinegotziak eta María Herrero alkateordeak, birusa hedatu dezaketen gertakariak edo egoerak ez direla eman behar gogorarazten dute, hala nola jende pilaketak edo ospakizunak.

Zentzu horretan, segurtasuna indartu egingo dela adierazi zuen Udalak egon daitezkeen ospakizun posibleak saihesteko.