ERMUA. Asteartetik aurrera, irailak 1, eta hilaren 10era arte, Ermuko talde eta elkarteek dirulaguntzak eskatzeko epea izango dute zabalik. Laguntza horiek programak, jarduerak edo proiektuak aurrera eraman ahal izateko jasoko dituzte.. Hala, ingurumena, gizarte-ekintza, nazioarteko lankidetza, kultura, berdintasuna, ekintza soziosanitarioa eta euskara sustatzeko diru-laguntzak irailaren 10era arte eskatu ahalko dira.

Hauek dira diruz lagun daitezkeen eremuak eta bakoitzaren xehetasunak:

Ingurumena: Ermua hiri osasuntsua, lagunkoia, irisgarria eta ingurumenarekiko konprometitua izan dadin eta ingurumen-hezkuntzarekin inplikatuta egon dadin bultzatzea helburu duten ekintzak indartu nahi dira. 10.000 euro bideratuko dira horretarako.

Gizarte-ekintza: jarduerak udalerrian egiten dituzten eta irabazi-asmorik ez duten elkarteen jarduerak garatzen laguntzea da helburua, jarduera horiek bazterketa-arriskua duten edo bizimodu osoa garatzeko zailtasunak dituzten kolektiboen egoera hobetzera bideratuta badaude. Linea honek 8.000 euroko aurrekontua du.

Nazioarteko lankidetza: eremu honetan, batetik, Hegoaldeko herrialdeetan garapenerako lankidetza-proiektuak bultzatu nahi dira, eta, bestetik, sentsibilizazio-kanpainak Ermuko udalerrian. Horretarako, 58.650 euroko aurrekontua adostu da.

Kultura: kultura hedatzeko programak, proiektuak edo jarduerak sustatzeko eta babesteko laguntzak, bai urtero, bai noizean behin, udalerriko irabazi-asmorik gabeko kolektiboek eta elkarteek gara ditzaketenak. 54.500 euro bideratuko dira horretarako.

Berdintasuna: 10.000 euro guztira, udalerrian zuzenean edo zeharka edozein jardun-eremutan emakumeen eta gizonen berdintasunaren arloan garatzen diren programak edo jarduerak finantzatzen laguntzeko.

Ekintza soziosanitarioa: 17.659,3 euro, beren jarduera Ermuan egiten duten irabazi-asmorik gabeko elkarteen jarduerak ekonomikoki garatzen laguntzeko, bazterketa-arriskua duten edo bizitza osoa garatzeko zailtasun handiagoak dituzten kolektiboen egoerak hobetzeko, ikuspegi soziosanitario zehatzagoarekin.

Euskara: hainbat gizarte-eremutan euskararen erabilera eta presentzia erreala sustatzeko garrantzi bereziko programak garatzen laguntzeko laguntzak. Partida honek 5.000 euro ditu.

Eskaerak Internet bidez aurkez daitezke, webgune korporatiboko egoitza elektronikoan. Eskaerak aurkezteko epea irailaren 10ean, ostegunean, amaituko da, 15:00etan.

Dokumentazio, eskabide-eredu eta informazio guztia iragarki-taula digitalean dago eskuragarri.