- Martxoan, osasun-krisialdi eta alarma-egoerarekin bat, Durangoko San Agustin Kultur Guneak programazioa eten eta ateak itxi zituen. Orain eta sei hilabeteko itxialdiaren ostean, kultur aretoak berriz ere, antzerki, musika eta dantza ikuskizunak eskeiniko ditu. Horrela, irailaren 6an hasita, urtea amaitu arteko programazioa berreskuratuko du.

Izan ere, irailean zehar aurkeztuko diren hiru ikuskizunetatik, bi martxoan eta apirilean egitekoak ziren. Lehenengo biak ikuskizun familiarrak izango dira. Irailaren 6an gozatu ahalko dena Glu Glu Produccionesen Marierrauskin ikuskizun arrakastatsua izango da, hiru eta bost urte bitarteko haurrentzat gomendatua. Irailaren 20ean, berriz, La Baldufa Companyia de Comediants konpainia katalanaren Safari ikuskizuna eskainiko du eta azkenik eta hilaren 26an helduentzako Oymyakon antzezlana proposatzen da.

Arantza Arrazola San Agustineko arduradunaren ustez orain ere "kulturaren aldeko apustu sendoa egiten jarraitzen dugu Durangon. Kultura, gure istorioak kontatzeko, ospatzeko, iragana gogoratzeko, entretenitzeko eta etorkizuna irudikatzeko tresna baliotsua da". Horrela, eta irailean ez ezik, Durangok urtea amaitu arteko programazioa berreskuratuko du, eta, abendura arte konprometituta dauden 15 ikuskizunek, 24 emanaldi eskeintzeko ideiarekin aurrera egingo du, beti ere osasun egorak posible egiten badu. Horregatik eta momentuko ziurgabetasuna dela eta, programazioa hilero aurkeztu eta argitaratuko da. Honek, une bakoitzean beharrezkoak diren neurriak hartzea posible egingo du, bai edukieran bai osasun eta higiene-neurrietan.

Egungo egoeran, eta koronabirusaren berragerraldiak gertutik jarraituz, kultura babestea eta segurtasuna bermatzea izango dira kultur guneko arduradunen eta gobernu-taldearen helburu nagusiak. Horretarako, Osasun Sailak edukiera kontrolatzeko eta erabiltzaileak erregistratzeko ezarritako protokolo guztiak beteko dira emanaldi guztietan.

Zentzu honetan, patioaren edukiera %60koa izango da. Besaulkiak zenbakituak izango dira, eta banaka, bi edo hiru besaulkiko taldetan erreserbatu ahal izango dira, ikusleen arteko distantzia gordez.