- Euskal Filologian lizentziatua, Jon Kepa Zumalde, zornotzar aktore, egile eta zuzendari teknikoa, 1989. urtetik Markeliñe antzerki konpainiaren parte da. Egungo egoeran, hilabete konplexuak bizitzen ari diren arren, Markeliñek sorturiko ikuskizunek eta bizipenek bizirik jarraitzen dute. Orain dela 35 urte sorturiko taldea izanda ere, beti eboluzionatzeko eta hobetzeko gogoarekin prest azaltzen dira Markeliñeko familia osatzen duten kideak.

Urte hasieran ‘Euria’ antzezlanarekin Arabiar Emirreri Batuetan ospatu zen jaialdi baten parte hartu izan zenuten. Bestalde, otsailean ere, ‘Crusoe’ antzezlanak, musika oneraren Feten Saria 2020 jaso zuen. Urte hasiera bikaina izan zenuten, ezta?

—Bai, hasiera bikaina izan zen eta geneuzkan planekin eta kontratazio kopuruarekin urtea horrela jarraituko zuela zirudien. Gure lan eta proiektuen egutegia ez da urtarrilean hasten, baina urte hasiera udako plangintza zehazten hasteko datak izaten dira. Bragatik etorri berriak, Kataluniatik antzezten, heldu zen bat-batean martxoa.

Martxoan, koronabirusaren eztandak mundua eten zuen. ‘Psike’ ikuskizunaren estreinaldia bertan behera utzi behar izan zenuten eta beste hainbat emanaldi ere bertan behera geratuko ziren. Denboraldiko zein unetan zeundeten?

—Martxoan ikuskizun berriaren produkzioaren azken txanpan geunden, dramaturgia aldetik azken aldaketak frogatzen eta entsegu orokorrak hasteko gogoekin. Argi diseinua gauzatzeko eta frogatzeko eta promozio lanak hasteko prest, baina bat batean dena gelditu behar izan genuen. Emanaldien aldetik, baten bat egitea lortu genuen, baina gehienak bertan behera gelditu ziren. Batzuk aipatzearren, Japonen maiatzean geneuzkan emanaldiak, Portugaletik eta Frantziatik geneuzkan birak edo Psike-ren estreinaldia Vila-Realeko jaialdian. Guztira hogeitik gora izan ziren bertan behera gelditu zirenak, horietatik gutxi batzuk etorkizunean data berria jartzeko itxaropenarekin. Baina gogorragoa izan da udarako prestatzen ari ginena ezin gauzatu izana. Bakarrik Psike an-tzezlan berriarekin, beste hogeita hiru emanaldi aurreikusten ziren, azkenean zortzi bakarrik ausartu dira emanaldia aurrera eramatera.

Dena kontuan izanda, konpainiaren egoera momentu honetan nolakoa da?

—Gure ingurura begiratuz gero, gu baino txarrago daudenak ikusten ditugu. Baina egia da, guk udan ere antzezpen asko egiten genituela, esparru ezberdinetako kaleko ikuskizun ugari ditugulako. Atzerrirako irteerak ere ugariak izan dira orain arte. Psike kaleko lan berriarekin gainera, aurtengo uda oso lanpetuta aurreikusten genuen, baina ez da espero genuena izan. Guztion moduan, egoera honi aurre egiteko prozedura berriak asmatu beharrean gaude.

Ohikoa den moduan zuen lan berrien estreinaldiak beti ere Zornotzan egiten dituzue eta oraingoan ere ‘Psike’ ikuskizunaren lehen emanaldia birtualki izanda ere, herriko on line jaietan egin zenuten. Publiko gabeko emanaldiak oso ezberdinak izango dira, hotzak eta txalorik gabe…

—Sentimendu gazi-gozoa daukat nik. Pozik Zornotzan estreinatzeagatik, jaietan gainera, baina zoritxarrez azkenean entsegu bat ematen zuen. Gure aldetik guztia jarri genuen, baina emaitzarekin ez gaude oso gustura. Gaueko ikuskizuna da, argiak, soinuak, suak eta aktoreen gertutasunak sortzen dituzten emozioak eta sentsazioak ezin dira pantailan sentitu. Guztia txikitu egiten da pantailan eta grabatzeko orduan, arreta non egon behar den eta zein momentuan zer grabatu behar den jakiteko, errealizazio eta edizio zehatza eta landua egin behar da. Noski, ikuskizunaren egileak lirateke hoberenak lan hori egiteko, baina ezinezkoa zen horrela egitea. Hala ere, ez da hori emanaldi birtualek daukaten arazo bakarra. Ulertu behar da zuzeneko ikuskizunek ezaugarri bereziak dituztela, ikuslegoarekin interakzioa, hurbiltasuna, ezustekoak, argiztapena, soinua, emozioak, hiru dimentsioak, konplizitatea, sentimenduak, feedbacka... Kalea edota antzokiak dituzten ezaugarriak aprobetxatuz, bertan ikuslegoarekin antzezteko sortutako istorioak dira, ez bideoklip txar bat bezala pantaila hotz batean azaltzeko.

Dena den beharrezko osasun eta babes neurriekin, distantziak errespetatuz... badirudi kultur ekitaldiak protagonistak direla uda arraro honetan eta hainbat herritan emanaldi eta ikuskizun ezberdinak burutzen ari dira.

—Hainbat herritako kultur eragileek argi ikusi dute gizartearentzat kultur ekitaldiak ezinbestekoak direla, garai hauetan are gehiago, non jairik ez dauden eta jendea beldurtuta bizi den. Ausartak izan dira eta eskertzekoa da egin duten lana emanaldiak aurrera ateratzeko, ziurtasun berme guztiekin eta hauek suposatu dizkien lan karga handiagoarekin. Beraien inplikazioa beharrezkoa izan da gure sektorearentzat eta hori kontutan izan behar dugun gauza da. Crusoe, Chef Nature, Carbón Club eta Psike dira uda honetan ikuslegoaren disposizioan moldaketa txiki bat behar izan dutenak. Baina obra guztien gidoietan aldaketak egin behar izan ditugu, ikuslegoarekin ezin delako harremanik izan. Hau da Zoozoom ikuskizuna aurten ezin antzeztearen arrazoia, bertan haurren partizipazioa ezinbestekoa delako. ‘Andante’ ikuskizun ibiltaria aldiz ezin dugu antzeztu, ikuslegoa esparru mugatuan, eserita eta tokitik mugitu gabe egon behar delako.

“Ulertu behar da zuzeneko ikuskizunek ezaugarri bereziak dituztela, hala nola, interakzioa, hurbiltasuna, ezustekoak, argiztapena...”

“Psike’, ‘Crusoe’, ‘Chef Nature’ eta ‘Carbón Club’ dira uda honetan ikuslegoaren disposizioan moldaketa txiki bat behar izan dutenak”