ERMUA. Euskal Autonomia Erkidegoan gauzatzen ari den koronabirus kasuen gorakada dela eta, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta EUDEL Euskadiko Udalen Elkarteak udalekuak bertan behera uztea adostu dute.

Ermuko Udala Akerlei eta Eremu tokiko akademiekin harremanetan jarri da, hilaren amaierara arte egingo ziren Kontziliazio Plan Integraleko taldeen jarduera amaitzeko. Kiroldegitik sustatutako Multiabentura kirol udalekuak ere bertan behera geratu dira. Bestalde, Antxitxiketan kolektiboak prestatutako udalekuak pasatu den astean bukatu ziren.

Hori da Osasun Sailak eta Osakidetzak pandemiaren datuen bilakaeraren aurrean hartu duten prebentzio eta behin-behineko neurrietako bat, eguneko zentroen aldi baterako itxierarekin, irteeren murrizketarekin eta egoitzetako bisiten mugarekin batera.

Osasun-agintariek bereziki azpimarratu dute Udalen lankidetza herritarrak eta tokiko kolektiboak kontzientziatzeko, eta azpimarratu dute maskara nahitaez erabili behar dela, eta zorrotz bete behar direla epidemiaren hedapenari eusteko ezarritako neurriak.

Testuinguru horretan, EUDELek eta Osasun Sailak kutsadurak ekiditeko gomendioen dekalogo hau prestatu dute:

  • Jakinarazpen publiko guztietan herritarrei ospakizunek edo pertsonen kontzentrazioek Covid-19a transmititzeko dakarten arriskuaren berri ematea, eta herritar guztien erantzunkidetasuna aipatzea.
  • Jaien edo ekitaldien programa ofizialak egin daitezen ekiditea. Jai-ekitaldiak zabaltzeko kartelak edo bestelako bitartekoak ez sustatzea.
  • Konpartsak, blusen eta nesken kuadrillak, lagunarteak, taldeak, ostalaritza, kirol-taldeak eta gizarte-eragileak jaiak edo ekitaldiak EZ antolatzeko eta EZ ospatzeko inplikaraztea.
  • Edukiera eta pertsonen artean gomendatutako distantzia fisikoak (1,5 metro) kontrolatzeko moduko kultura-edo entretenimendu-jarduerak eta -ikuskizunak egiteko aukerak baino ez ematea eta, horretarako, hori guztia betetzeko neurriak ezartzea eta, bestela, ekitaldia etetea aurreikusita izatea.
  • Espazio publikoa azokako ikuskizunetarako, txosnetarako, salmenta-postu ibiltarietarako edo antzekoetarako erabil daitezen ekiditea, baldin eta haietan segurtasun-neurriak betetzen direla bermatu ezin bada.
  • Ostalaritza ixteko ordutegiak betetzea eta, hala, taldekatzeak eta alkohola beste espazio publiko batzuetan kontsumitu daitezen ekiditea.
  • Udalerrian arrisku gehien duten eremuak eta pertsonen kontzentrazioak dituzten ordutegiak identifikatzea, prebentzio-neurriak izatea, pertsonen zirkulazioa antolatzea eta espazioak pertsonen arteko segurtasun-distantzia gorde ahal izateko moduan banantzea edo sektorizatzea.
  • Txoko, sozietate gastronomiko, gazteen aisia-lokal eta erabilera publikoko titulartasun pribatuko espazioei ordutegiak eta araudia bete behar dituztela gogoraraztea eta betetzen dituztela zaintzea.
  • Prebentzio-neurriak ezartzea, baldin eta sare sozialen bidez deialdi jendetsuak egiten direla jakiten bada, besteak beste: barrera mekanikoak jartzea eta horiek ez ospatzeko zaintza ezartzea. Egun zehatzetan, udaltzainen eta Ertzaintzaren presentzia areagotzea, indarrean dagoen araudia betetzen dela zaintzeko.
  • Udalerritik kanpo pertsona-pilaketa handia egon daitekeelako susmorik badago, disuasio-neurriak aktibatzea, besteak beste: ibilgailu partikularren eta garraio kolektibo publiko eta pribatuen sarbidea zailtzea.