Elorrio - Egun batzuk barru Elorriok Musikaire jaialdiari ongi etorria emango dio hurrengo zortzi asteburuetan zuzeneko emanaldi ezberdinekin gozatu ahal izateko. Aurtengoa, nola ez, edizio oso berezia izango da eta momentuko egoerak onartzen duen formatura egokitua.

Besteak beste, eszenatokiak San Roke eta Aldatsekuan egongo dira eta segurtasuna bermatzeko hainbat neurri hartuko dira. Denborak aurrera egin du Musikaireko lehenengo ediziotik, 1998 urtean, baina gaur egun ere jaialdiaren esentziak ez du aldaketarik izan: udan doako musika eta kultura ekitaldiak kalera ateratzea.

Ostiralen, uztailak 4, hasi eta abuztuaren 29ra bitartean aisialdi eta dibertsiorako aparteko aukera izango da Elorrion. Izan ere, udako kale musikaren jaialdia, aire zabalean gozatzeko modukoa da eta estilo ezberdinak nahasi eta biltzen dituena. Jazz, blues, folk, pop-rock, bertsoak, klasikoa edo soul erritmoak. Dena Musikaire da. Oraingo honetan ere, aurreko urteetako espirituari eutsiko zaio, baina osasun egoerak aldaketak eragin ditu formatuari, kokapenari eta parte hartuko duten artistei dagokionez.

Idoia Buruaga, Elorrioko alkateak, eta Julene Lazkano, Kulturako zinegotziak, uztaileko eta abuztuko asteburuetan egingo den jaialdiaren aurkezpena egin zuten joan den ostegunean. Bertan 2020ko edizioak izango dituen berezitasunak eta xehetasunak azaldu zituzten, batik bat osasun egoerak eragindako neurrien berri emateko eta egokitutako programazioa azaltzeko.

50.000 euroko aurrekontuarekin, aisialdi eta kultura jarduerak surpertzea beharrezkoa eta garrantzia handikoa dela ikusi du gobernu taldeak eta horregaitik koronabirusaren ondorioei aurre egiteko onartu duten Elorrio Biziberritzen plan integralaren barruan kultur ekimenak sartu eta programatu dituzte.

“Alarma egoerak jarri dizkigun muga, oztopoak eta zailtasunez gain, gure betiko Musikaire jaialdiari eutsi ahal izan diogu eta hiru ardatzek markatuko dute aurtengo edizio berezia”, azpimarratu zuen Julene Lazkano zinegotziak. Horrela, etxeko artistak edo Km0-ko taldeak parte hartuko dute, formatua uztailean ez ezik abuzturarte luzatuko da -umeentzako ekitaldiak egokituta- eta segurtasuna bermatzeko kokapen berria San Roke eta Aldatsekua inguruko belardiak izango dira.

gertuko artista Kulturako zinegotziak azaldu zuenez, “artista gehienak hemengoak edo ingurukoak dira. Pixkat irtenbidea eman nahi izan diogu, bai gizartearen premiei edo kultur premiei, baita artisten premiei ere. Ezin ditugu ahaztu badagoela sektore bat bide atzean geratuko litzatekeena eta ohiko aukera eskaintzari eutsiz jazz, pop, rock eta umeei begirako eskaintza bat ere programatu dugu”. Hurrengo ardatza denboraren luzapena izango da. Aurreko edizioak uztailean burutzen ziren, baina oraingoan, artistak gertukoak izanez, abuzturarte luzatuko dute jaialdia. Musika emanaldiak ostiralero eta larunbatero izango dira eta igandeetan haurrentzako animazio ikuskizunak programatu dira.

Era berean uztaileko emanaldiak San Roken izango dira, eta bi eszenatoki izango dira: bata, zelaian kokatutako agertokia eta bestea, euria egiten badu, estalitako agertokia. Artista gonbidatuen artean Andrzej Olejniczaken Young Power 6tet jazz emanaldia, Gari & Maldanberaren pop rocka, Topa-K folk elektronikoa, Oreka TX taldea eta Miren Amuriza eta Askoa Etxebarrietaren “la Pulga” bertso eta flamenko fusioa daude, besteak beste.

Abuztuko emanaldiak Aldatsekuan egingo dira. Formatu txikiko kontzertuak izango dira, batez ere gazteei zuzendutakoak, Rodeo, Lamiak, Bulego, Diabolo Kiwi eta Raitx taldeekin. Umeentzako ekitaldiak bai uztailean bai abuztuan burutuko dira San Roken 19.30 etan. Lehenengo ikuskizuna uztailaren 5 an izango da.

Azkenik, osasun-egoerak kontzertuen kokalekuak aldatu ditu. Musikairek zuen berezitasunetako bat Elorrioko jauregietan eszenatokiak kokatzea zen. Oraingoan, emanaldi guztiak San Rokeko zelaian eta Aldatsekuan egingo dira. Jarduera eta emanaldi guztietan ezarritako segurtasun-neurriak eta gomendioak jarraitu beharko dira. Hala nola, pertsonen arteko distantziak errespetatzea, babes-neurriak eramatea eta mugatutako espazio bakoitzaren edukiera kontrolatuko da segurtasuna bermatzeko.