ERMUA. Ermuko Udalak urtero ospatu ohi duen 'As Letras Galegas' festa bertan behera utzi behar izan du aurten. Pasa den larunbatean, maiatzak 17, ospatzekoa zen. Ermuan festa hau egin ohi da herrian Galizian jaio edo sustrai eta jatorri duten pertsona eta bizilagun asko daudelako, baina aurten koronabirusak eragindako egoeragatik ezin izan dute ospatu. Hala ere, Galiziako bandera Ermuko udaletxean zintzilikatuta egon zen atzo, beren lurretik urrun daudenek nolabait hurbil sentiarazteko.

2020an, lehen aldiz historian, ospakizuna atzeratu eta urriaren 31ko egunera aldatu da. Ricardo Carvalho Calero (Ferrol, 1910 - Santiago de Compostela, 1990) omenduaren jaiotzaren 110. urteurrenaren hurrengo eguna da. Galiziar filologo eta idazlea, Santiago de Compostelako Unibertsitatean Zuzenbidean eta Filosofia eta Letren lizentziaduna, Galiziako Akademiako kide numerarioa eta Santiago Unibertsitateko Hizkuntzalaritza eta Galiziar Literaturako lehen katedraduna ere izan zenaren oroimenez.

MAIATZAK 17, AS LETRAS GALEGAS OSPAKIZUNAREN EGUNAK

As Letras Galegas eguna: galizierazko ekarpen literarioagatik nabarmendu ziren pertsonak omentzeko ospakizuna da. 1963tik, maiatzaren 17an, Galiziako Akademiak kulturarentzat azpimarragarri izandako pertsonaiari eskaintzen dio ospakizun hau.

Ospakizuna maiatzaren 17an kokatu zen, egun horretan, 1863an, Vigon Rosalía de Castroren "Cantares gallegos" lanaren lehen alea argitaratu zelako, "Rexurdimento" edo galizieraren berpizkunde kulturalaren hasiera markatuko zuena. Jaieguna da Galizian.