ERMUA. Ermuko helduentzako euskarazko irakurketa klubaren azken edizioa amaitzear dago. Gaur arratsaldean, maiatzak 18, azkenengo saioa ospatuko da. Irakurritako liburuak partekatu eta komentatzeko ekimen honen azkenengo saioa birtualki egingo da, aurrekoak bezala, bizi dugun egoerak behartuta.

Bideokonferentzia bidez egindako aurreko saioan, Iñigo Astiz idazleak parte hartu zuen, zeinaren Kixotenean liburua (Elkar) izan baitzen azken hilabetean irakurritako liburua.

Jarraian, euskarazko irakurketa-klubean ikasturte honetan irakurritako lanak ikus daitezke, eta horietako batzuk formatu digitalean irakurri:

  • 33 ezkil - Miren Gorrotxategi
  • Ugerra eta kedarra - Sonia Gonzalez
  • Alexis zorbaren hitzak eta egintzak - Nikos Kazantzakis
  • 35 kilo esperantza - Anna Gavalda
  • Gorputz madarikatuak - Lucia Baskaran
  • Gaueko zaintzailea - Julen Belamuno
  • Kixotenean - Iñigo Astiz
  • Kutsaldian - Paolo Giordano

Irakurketa klubean 10-20 lagunek parte hartzen dute eta hilean behin biltzen dira, aldez aurretik liburu bera irakurri ostean. Bileran komentatu egiten da, iritzia ematen da, irakurketaren bizipena partekatzen da eta obra, gaia eta egilea testuinguruan kokatzen dira, topaketa horiek ikasteko eta gizarteratzeko gune bihurtuz. Liburutegia arduratzen da kluba osatzen duten pertsonentzako aleak lortzeaz, eta Peru Magdalenak dinamizatzen ditu saioak.

Jarduera doakoa da, baina plazak mugatuak direnez, aldez aurretik izena eman behar da. Irailean euskarazko, gaztelaniazko, frantsesezko eta ingelesezko irakurketa-kluben denboraldi berri bat hasiko dela aurreikusten da. Jarduera honetan interesatuta bazaude, 943 17 92 12 telefonora deitu edo zure datuekin e-mail bat bidali dezakezu biblioteca@udalermua.net helbidera.