ERMUA. Atzo, hilak 2, Hans Christian Andersen idazle daniarraren jaiotzare 215 urteurrena izan zen, eta hori dela eta, egun berean Haur eta Gazteentzako Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatu egiten da, gazteen artean kalitatezko irakurketa sustatzeko xedearekin.

Liburutegi publikoak eragile bitartekari gisa jokatu behar duen funtsezko eginkizunaren jakitun, Ermuan bizitzako lehen urteetarako programa bat antolatu dute, udal erregistroan inskribatzen diren unetik bertatik haurrei irakurtzeko aukera ematen diena. Askotariko familia-jardueren eskaintza antolatzen dute, lagunartean irakurtzea errazten dutenak, bai eta udalerriko Haur eta Lehen Hezkuntzako bost ikastetxeekin eta beste udal-sail batzuekin koordinatutako ekintzak ere. Tailerrak, irakurketa-klubak, gomendioak jasotzen dituzten gidak, ipuin kontaketak … jarduera horiek guztiak irakurketaren sozializazioaren prozesu afektibo-eraginkorraren parte dira.

Jarduera horiek koordinatzeko harreman eta sintonia estua behar da ikastetxeekin, batez ere eskola-orduetan egiten direnak antolatzeko. Ikasturtearen hasieran, zuzendaritzak eta liburutegiko arduradunak bilera egiten dute, eta, hortik aurrera, telefonoz, posta elektronikoz eta unean uneko topaketen bidez, jarraipena eta ebaluazioak egiten dira.

Bestalde, liburutegiko espazio fisikoak ahalbidetzen ez dituen jarduera asko Teresa Murga eraikinetik kanpoko guneetan egiten dira, eta horrek koordinazio zorrotza eskatzen du espazio horiek kudeatzen dituztenekin.

Jarduera horien zabalkundea bi modutan egiten da, batez ere. Batetik, ikastetxeekin koordinatuta daudenek ia ez dute hedapen-elementurik behar, eta horien gauzatzearen berri Ermuko Udalaren webgunean eta sare sozialen bidez baino ez da ematen. Irekiak eta eskola-ordutegitik kanpokoak direnentzat, aldiz, kanpoko hedapen-elementuak erabiltzen dira (liburuxkak, postontzietan banatzea, zirkularrak, gonbidapenak, posta elektronikoa …).

Jardueren ebaluazioa ere bi modutan egiten da. Batetik, zuzenean, irakasleekin eta ikastetxeetako zuzendaritzekin, jardueretan baja ematen duten pertsonekin eta jarduera horiek dinamizatzen dituztenekin, zuzeneko kontsulten bidez.

Bestetik, pertsona berriek, bai dinamizatzaile gisa, bai parte-hartzaile gisa, parte hartzen duten jarduerak amaitzean egiten diren gogobetetze-inkesten bidez.