AMOREBIETA-ETXANO. Amorebieta-Etxanoko Udalak, koronabirusak eragindako alarma egoerari aurre egiteko, hainbat neurri hartu eta sustatu ditu herritarren artean, zornotzarrek dituzten kezkak eta beharrak atenditzeko.

BABES SOZIALA

Arlo sozialean, herritarren eskura jarri dira hainbat kanal eta babes sare. Bereziki kezkatzen gaituzte zailtasun ekonomikoak dituzten familiek. Hauei Udalak oinarrizko produktuak eman dizkie, bai elikagaiak eta baita higieneko produktuak ere, Amorebietako Eroski eta Lidlen laguntzari esker. Une honetan 50 familiek laguntza jaso dute.

Gainera, Gizarte Ekintza Sailak telefono bidezko jarraipena egiten die pertsonarik zaurgarrienei, Zainduz programako zaintzaileei, Nagusi Aretoaren bidez isolamendu egoeran dauden herritarrei, eta normalean zentroko zerbitzuak erabiltzen dituzten adineko eta mendekoei, orain etxean egotera behartuta daudenak.

Mendekoak herriko talderik zaurgarrienetariko bat direnez, laguntzeko, Udala Bizkaiko Foru Aldundiko BizkaiaGara boluntariotza programarekin elkarlanean ari da. Bi erakundeen arteko elkarlanari esker, 35 lagunek izena eman dute sarean. Laguntza horren oinarrian daude telefono bidezko jarraipena, botikak eramatea eta on line erosketa.

BABES EKONOMIKOA

Herriko sare ekonomikoa babesteko helburuarekin, Amorebieta-Etxanoko Udalak zergak, tasak eta zuzenbide publikoko bestelako diru-sarrerak ordaintzeko epeak eten ditu. Neurria indarrean egongo da alarma egoera amaitu arte.

Gainera, aste honetatik aurrera Udalak erroldatze ziurtagiria telematikoki eskuratzeko aukera emango die hipoteka-luzamendu bat eskatu nahi dutenei. Salbuespenezko neurri hau erabili nahi duten herritarrek udaleko web orrian dagoen inprimakia deskargatu, bete, eta posta elektroniko bidez bidali beharko dute ondoko helbidera haz @amorebieta.eus. Udalak eskaria egiteko erabili zuten posta elektronikoko helbide berdinera helaraziko die agiria.

OSASUN PUBLIKOA

Amorebieta-Etxanoko Udalak herria sakon desinfektatzeko neurriak ere hartu ditu, bereziki garbituko direlarik jenderik gehien dabilen lekuak, edukiontziak, paperontziak, arkupeak eta supermerkatuetarako eta farmazietarako sarrerak, gaixotasuna zabaltzea ekiditeko.

Gainera, edukiontziak zabaltzeko eskularruak edo erabili eta botatzeko ezpainzapiak erabiltzea gomendatzen du, eta COVID-19an positibo eman dutenak edo koarentenan dauden etxeetan, hondakinak poltsa itxi batean jaso eta poltsa hori beste poltsa itxi baten barruan sartzeko eskatzen die, eta ondoren poltsa hori errefusako edukiontzian utzi, edukiontzi grisean.

KOMUNIKAZIO TELEMATIKOA

Udalak gogorarazten du Amorebieta-Etxanoko Udaleko eraikina eta Herritarren Arreta Zerbitzua zabalik badaude ere, herritarrek ahal den guztietan komunikazio telematikoa lehenetsi behar dutela. Horretarako, Udalarekin harremanetan jarri nahi dutenek, 010 edo 94 630 0190 telefono zenbakira deitu dezakete, whatsapp bat bidali 688 866 600 zenbakidra edo mezu elektroniko bat bidali ondoko helbidera haz @amorebieta.eus.

Amorebieta-Etxanoko herritarrek informazio eguneratua daukate baita ere Udaleko web orrian: www.amorebieta-etxano.eus.

Gainera, zalantzak dituzten guztiek edo COVID-19ren sintomak dituztenek, etxean gelditu behar direla gogorarazten zaie, eta 900 20 30 50 telefono zenbakira deitu.

ALARMA EGOERAREN NEURRIAK

Amorebieta-Etxanoko Udalak zornotzarrei gogorarazten die erantzukizunez jokatzeko, eta ez arriskuan jartzeko beraien bizitza edo inorena. Etxetik bakarrik atera daitezke oinarrizko erosketak egiteko, lan egiteko, adinekoak eta mendekoak zaintzeko eta ospitalera joateko, jendetzak ekidinez eta gutxienez metro bateko tartea utziz kutsadura saihesteko.

Ondokoen dendak zabalik daude: elikagaiak, edariak, oinarrizko beharrizanetarako produktuenak, farmaziak, medikuak, optikak, produktu ortopedikoenak, produktu higienikoenak, prentsa, estankoak, ekipo teknologiko eta telekomunikazioenak, etxeko animalientzat janaria dutenak, tindategiak, internet, telefono edo posta bidezko merkataritza.