GARAI - Garaiko Udalak eta Euskaltzaindiak lankidetza hitzarmen bat izenpetu dute 2020 urtean burutzeko asmoz. Helburua, Garaiko toponimia jaso, zuzendu eta eguneratzeko asmoz. Hitzarmena otsailaren 10ean sinatu zuten eta sinatzaileak Andrés Urrutia euskaltzainburua eta Erramun Osa herriko alkatea izan ziren.

Era berean alde bakoitzak hartutako konpromisoak azpimarratu zituzten eta horrela Garaiko Udalak herriko toponimia bildu, finkatu, arautu eta normalizatzeari dagokionez, Euskaltzaindiaren Onomastika batzordeak emango dizkion aholkuak eta irizpenak beteko ditu. Bestalde, toponimia ikerketa-bekaren ondorioz sortzen den material guztiaren kopia helaraziko dio Euskaltzaindiari, Akademiak bere datu basean barruratu dezan eta azkenik egitasmoaren garapenean, bai eta horren ondorioz egin daitezkeen argitalpenetan, Euskaltzaindia lankidea izan dela onartu zuen.

Euskaltzaindiak aldiz, Ikerketa-beka esleitzeko eratuko den epaimahaian ordezkari bat izendatuko duela adierazi zuen. Euskaltzaindiak Garaiko Udalaren toponimia jasotzeko, zuzentzeko eta normalizatzeko ikerketa-bekaren zuzendaritza akademikoa bere gain hartuko duela adierazi zuten. Horrela, zeregin hori betetzeko, Euskaltzaindiak Onomastikaren eremuan esperientzia daukan pertsona bat izendatuko du.

Gainera behin betiko emaitza Garaiko Udalari aurkeztu aurretik, Euskaltzaindiak Garaiko Udalari, ezarririko irizpide eta gomendioak egokitasunez bete direla eta hartara, ikerketa ondo eginda dagoela aditzera eman beharko dio.

Sinatutako lankidetza hitzarmen honen iraupena urtebetekoa izango dela adierazi zuen Erramun Osa, herriko Alkateak. Dena den Udalak eta Euskaltzaindiak bat etorriz gero, toponomia ikerketa-bekaren emaitzak kaleratu bitartean, dokumentazio, informazio eta bestelako egitarauak egiten diren bitartean, beste urtebetez luzatzeko aukera egongo dela adierazi zuten. Beraz, herriko leku izenen multzoa edo toki izendegia martxan dago. - Oihane Buruaga