ERMUA. Ermuko Udalak 2020ko Aurrekontuak osatzeko egindako parte-hartze prozesuak emandako emaitzak aurkeztu ditu gaur goizean, hilak 24. Aurreko urteetan bezala, erakundeak proposamenak bildu ditu herritarrek aurtengo Udal aurrekontua egiteko lehentasunezkotzat jotzen dituzten esparruak zeintzuk diren jakiteko.

Guztira 138 pertsonak parte hartu dute ekimen honetan, eta urte honetarako garrantzitsuentzat jotzen dituzten hiru eremuak markatu ondoren, honako hauek dira, galdeketaren arabera, Ermuko herritarren lehentasunak 2020rako: enplegua eta ekintzailetza - 67 boto -, irisgarritasuna eta mugikortasuna - 44 boto -, bazterketa-arriskuan dauden pertsona eta familientzako laguntzak - 39 boto -, udal-espazioak eta eraikinak birgaitzea - 31 boto - eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna - 30 boto -.

Partaidetza sexuaren, adinaren eta auzoaren arabera

70 gizon eta 66 emakumek eman dute euren iritzia prozesuan - 2 pertsonak ez dute datu hori eskaini nahi izan - eta adin-tarte parte-hartzaileena 40 eta 60 urte artekoena izan da - 57 pertsona - . 40 urtetik beherako 40 pertsonak aurkeztu dituzte euren asmo eta iritziak, eta 60 urtetik gorakoen artean, aldiz, 26 pertsonak parte hartu dute.

Auzoen arabera, erdigunean 41 gizon-emakumek egin dute bat prozesuarekin, eta Sallabenten 29 lagunen ekarpenak jaso dira. Okin Zurin eta San Pelaion 21 partaide izan dira, Ongarain 15 eta Abeletxe-Santa Ana gunean, 9.

Norbanakoen ekarpenak

Aurrekonturako lehentasunen artean aukeratzeaz gain, prozesuan ekarpen irekiak egiteko aukera ere eman da, herritarrek garrantzitsutzat jotzen dituzten gaiak azpimarratu eta gobernu taldeari jakinarazteko. Horrela, 85 pertsonak bete dute atal hori, eta gai anitzetako 182 ekarpen jaso dira.

Hirigintza izan da ermuarrak gehien kezkatzen dituen gaietako bat, eta herritarren 45 ekarpen jaso ditu berdeguneen, urbanizazioen hobekuntzaren, bidegorrien, oinezkoentzako guneen, igogailuen, oztopo arkitektonikoen edo aparkalekuen inguruan, besteak beste.

Udal zerbitzuak, enplegu eta formakuntza planak, etxebizitza, Merkatu Plaza, adineko pertsonei laguntzak, kirol instalazioak eta gardentasuna eta hiritarren partaidetza ere aipatu dituzte ekarpenak egin dituzten herritarrek.

Proposamen guztiak teknikoki aztertuko dira orain, 2020ko Aurrekontuan sartu, bertan behera utzi edo etorkizun hurbilean beste analisi batzuk egiteko uzten diren erabakitzeko. Gainera, udal alor ezberdinetaz arduratzen diren zinegotziak ekintza zehatzak proposatu dituzten herritarrekin harremanetan jarriko dira, hartutako erabakiaren berri eman eta, beharrezkoa izango balitz, euren ekarpenen inguruko xehetasun gehiago eskatzeko.

Parte-hartze prozesuaren inguruko informazio guztia dokumentu honetan kontsultatu daiteke. Gainera, gaia pasatu den asteartean, urtarrilak 21, Gai Orokorren eta Udalbatzak aztertu beharrekoen Informazio Batzordean aurkeztu zen. Jarraian bilerako bideo osoa ikusi dezakezue (3. puntua, 00:47 minututik aurrera).