ERMUA. Aurreko edizioak izan zuten arrakasta kontuan izanda, Ermuko Udalak herriko Hagunia Saharar Herriaren Lagunen elkarteak elikagai bilketa bat eramango du aurrera. Ekimen solidario honen helburua pertsona errefuxiatuei ahalik eta laguntza gehien eskaintzea da. Ez da Ermuko Udalak eta Hagunia elkarteak elkarrekin lan egiten duten lehenengo aldia, eta oraingo honetan aurrekoetan izan zuten jendearen partaidetza berdintzea edo gainditzea espero dute.

Kanpaina hau Sahararen aldeko XVI. Euskal Karabanaren parte da, S.E.A.D.en aldeko Otsailak 27 Euskal Erakundeen Koordinakundeak antolatzen duena. Herri honi laguntzeko eratutako erakunde horrek Piztu itxaropena proiektua bultzatu du; izan ere, 45 urteren ondoren, elikadura-larrialdiko eta larrialdi humanitarioko egoerak jarraitzen du Saharako errefuxiatuen kanpamenduetan, Aljeriako basamortuan.

Karabana solidarioa otsailean abiatuko da Tindufeko kanpamenduetara, elikagai bilketan jasotakoa behartsuenen artean banatzeko.

Estatu mailan egingo den bilketaren barne, Euskadiri honako produktuak jasotzea egokitu zaio: arroza, olioa, azukrea, lekaleak, pasta, hegaluze latak oliotan, konpresak emakumeentzat eta pixoihalak adineko jendearentzat.

Ermuan, ikastetxeetan otsailaren 7a arte, ostirala, jasoko dira elikagaiak eta higienerako produktuak. Otsailaren 12ra arte, asteazkena, utzi ahalko dira Abiapuntun, Emakumeen Topalekuan (konpresak), supermerkatuetan eta Hagunia elkartearen lokalean (Erdikokalen). Lokalaren ordutegia 10:30etik 12:30era eta 17:30etik 19:30era izango da astean zehar, eta larunbatetan, aldiz, goizez bakarrik egongo da zabalik.