BILBO. Ermuko gazteek Ermua IS Team proiektuaren bigarren edizioaz gozatu ahal izan dute Gabonetan Udalak antolatu eta gauzatutako ekintzaren bidez. Bertan, gazteak matematikak, teknologia, zientzia, ingeniaritza eta artearekin erlazionatutako ekintzak egin dituzte.

2018ko lehenengo edizioak izandako arrakastaren ostean, aurten 40 neska-mutilek parte hartu dute herriko kaleetan nahiz Izarra Centre eraikinean egin diren erakustaldi, hitzaldi eta tailerretan. Zientziaren eta Matematikaren Dibulgaziorako Elkarteak (ADCIM) dinamizatu eta koordinatu ditu ekintzak, eta haur, senitarteko eta hiritarrek parte hartu ahal izan dute bertan. Antolakuntzatik familien parte-hartze nabarmena azpimarratu nahi izan da; gaztetxoei dagokienez, 19 mutil eta 21 neska izan dira jardueretan: Lehen Hezkuntzako 5. mailako 8, 6. mailako 21, DBHko 1. mailako 7, 2. mailako 2 eta 3. mailako 2.

Proiektuaren aurrekontu orokorra 22.600 eurokoa izan da, eta %25a inguru FECYTen diru-laguntzari esker finantzatu da. Fundazio horrek pasatu den maiatzean onartu zuen proiektua, 100etik 90eko puntuazioarekin, gaztetxoen artean zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren kultura sustatzeko egiten duen lanari esker; guztia, udal berrikuntza estrategiaren barnean.

Programa amaitzearekin batera, parte hartu duten pertsonek inkesta bete dute.

Bestalde, abenduan zehar, STEAM gaitasunen ezagutzan oinarritutako tailerrak burutu dira Ermuko bost ikastetxeetan. Guztira Lehen Hezkuntzako 6. Mailako 200 ikasle baino gehiagok parte hartu dute ekimen horietan.

Gaitasun zientifikoen sustapena herrian

Ermuko Udalak herriaren garapen sozio-ekonomikoaren sustapenean aktiboki lan egiteko ardura hartu zuen bere gain duela 25 urte baino gehiago. Urte horietan, lanaren dimentsioa eta herritarrekiko eta enpresa ehunarekiko konpromisoa hazten joan dira. Erakundeak gizarte-, ekonomia- eta hiri-berrikuntza bultzatu du, baita tokiko ekonomia-sarea balio erantsi handiko teknologia-sektoreetara dibertsifikatzea ere. Lan horri esker, Zientziaren eta Berrikuntzaren Hiria izendapena jaso du Ermuak, Zientziaren eta Berrikuntzaren Ministerioaren eskutik.

Egun, Udalak herritarrei eta enpresa-ehunari laguntzen jarraitzen du ikaskuntza- eta dibertsifikazio-prozesuetan, gizartearen eta ekoizpenaren teknologizazio azkarraren ondorioz eratzen diren erronka berriei aurre egiteko. Horren harira, FECYTek lagundutako Ermua iS Team bezalako proiektuek zientziaren, teknologiaren eta berrikuntzaren kultura sustatzeko aukera ematen dute. Gazteek enpresa-sarearekin eta 4.0 industriaren etorkizuneko prozesuekin lotura zuzena duten prestakuntza- eta lanbide-bideak aukeratu ahal izatea lortu nahi da horrela, zientzia, teknologia, robotika, programazioa eta enpresa-errealitatea modu eraginkorrean, esperientzialean eta dibertigarrian hurbilduz. Era berean, esparru zientifiko-teknologikoan dagoen generoen arteko aldea murriztu nahi da, emakumeen parte-hartzea bultzatuz.

Gizartearen kultura zientifikoa, teknologikoa eta berritzailea areagotzea, hezkuntza zientifiko-teknikoa maila guztietan hobetzea eta dibulgazio zientifikoko eta ikerketako jardueretan herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea dira ekintza horien helburu orokorrak. Era berean, gazteek asmatzeko eta sortzeko duten gaitasuna garatzen laguntzea lortzen da, eta aisialdiko jarduera alternatiboaz gozatzeko aukera eskaintzen da. Jarduera horiek, gainera, sormena askatzea ahalbidetzen die, proiektu zientifiko-tekniko txikiak garatuz.