BILBO. Innobasquek marketinga eta komertzializazioa sustatzeko sortu zuen Hazinnova ekimena. Ermuko Udalak proiektuarekin bat egin du, ETE-etan marketinga eta komertzializazioa indartzeko.

Ermuan eta Mallabian 6 eta 45 langile bitarteko 5 ETE abiarazteko konpromisoa hartu du erakundeak. Guztira, Euskadiko 2.400 enpresa txiki eta ertainek jo dezakete zerbitzu honetara, eta berrikuntza eta lehiakortasuna hobetzeko 500 proiektu eratuko dira Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban.

Hazinnovaren helburu nagusia Euskadiko enpresa berritzaileen kopurua handitzea eta berritzeko joerarik ez duten enpresek lehen esperientzia baliagarri eta praktikoa izatea da. Horretarako, 50 orduko aholkularitza espezializatua eta doakoa eskaintzen ditu, enpresei lana antolatzeko modu berriak txertatzen laguntzeko edota produktu eta zerbitzuak komertzializatzeko metodo berriak erakusteko.

Horrela, honakoa lortu nahi da: enpresaren errentagarritasuna hobeto kontrolatzea, prozesuen efizientzia hobetzea, entrega gastuak edo epeak murriztea, erakundeko pertsonak motibatzea, merkatu kuota areagotzea, bezero berriengana iristea eta marka eta diseinu industrialak babestea.

Enpresa bakoitzari esleitutako agente batek lagunduko die transformazio prozesu osoan zehar, eta babesa emango die administrazio izapideak kudeatu ahal izateko. ETEekin batera, euren erronkak aztertuko dituzte, eta alor ezberdinetan dituzten zailtasunak identifikatuko dira.

Enpresek gehienez bi mikro-proiektu abiaraz ditzakete urtebetean, arlo hauetako batean: ekonomia eta finantzen kudeaketa, produkzioa, logistika, barne-prozesuak, pertsonak, bezeroak eta merkatu berriak. Horrez gain, marka eta erregistroen arloko behar adina mikro-proiektu egin ahal izango dituzte.

Hazinnova proiekturako lehentasunezko jarduera sektoreak izango dira manufaktura, erakusketa, energia-hornikuntza eta uren eta hondakinen kudeaketa; hirugarren sektorean, aldiz, lehentasunezkoak izango dira industriarekin zerikusia duten zerbitzuak, informazio teknologiekin lotutako jarduerak, handizkako merkataritza, garraioa eta biltegiratzea, finantza jarduerak eta aseguruak.

Proiektuak 2,5 milioi euroko aurrekontua du, eta duela gutxi argitaratutako Europako txosten batek berretsi du ekimen honen garrantzi estrategikoa. Regional Innovation Scoreboard 2019 txostenaren arabera, Euskadik bere berrikuntzako errendimendua hobetu du azken zortzi urteotan, baina hobekuntza hori ez da nahikoa izan Euskadik Berrikuntza-maila Handiko Eskualdeen multzoan jarrai dezan, Europako batez bestekoa gehiago hazi delako proportzioan. Ahulezia handiena erakutsi dutenak ETE txikienak izan dira.

Proiektuaren inguruan informazio gehiago eskuratzeko, deitu 943 17 91 51 telefono zenbakira edota idatzi dl@udalermua.net helbide elektronikora.