BILBO. Ermuak zabalik du udalerriko fatxadak birgaitzeko eta berritzeko laguntzen deialdia. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean, larunbata, 15:00etan amaituko da. Laguntzak eskuratzeko, eraikinak Ermuko hiri-lurzoruan kokatuta egon beharko du, eta 25 urte baino gehiagokoa eduki.

Ez da diru-laguntzarik emango Udalak helburu berarekin emaniko diru-laguntza jaso zenetik gutxienez hamabost urte iragan ez badira.

Onuradunak izango dira eraikinaren jabe bakarra edo bere errentaria, jabearen idatzizko baimena badauka, eta legez eratutako eraikinen jabeen erkidegoak.

Diru-laguntza horien bitartez egingo diren obrek honakoak hartu beharko dituzte barne:

  • Fatxada osoa goitik behera birgaitu edo berriztatzea, arotzeria, paramentu, balkoi, errementaritza eta abarren tratamendu egokia eginez
  • Fatxadan dauden kableak eta hodiak ezkutatzea, horma edo kanaleta pintatu baten barruan gordez.
  • Derrigorrezkoa izango da etxabean dauden elementuen itxitura eta ateek akabera egokia izatea.
  • Eraikinak argi-patioa edo barne patioa duenean eta terraza edo balkoiak, bide publikora begira dauden arropa eskegitzeko elementuak kendu egin beharko dira.

Udalak guztira 44.100 euroko aurrekontua prestatu du diru-laguntza horietarako, eta eskabideak aurkezteko hurrenkera kronologikoa izango da esleipen sistema nagusia, betiere ordenantzak zehazten dituen baldintza guztiak betetzen direnean.

Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 30ean, larunbata, 15:00etan amaituko da. Deialdian interesa duten norbanako edo jabeen elkarteek Ermuko Udalaren webguneko iragarki-oholean eskuratu dezakete informazioa, eskabide orria eta beharrezko dokumentazio osoa. Abiapuntu bulegora ere jo daiteke informazio eske, astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:00etara -irailetik aurrera 15:00ak arte-. Eskaerak Ermuko Udalaren egoitza elektronikoan aurkeztu daitezke, eguneko 24 orduetan, edo Abiapuntun, aipatutako ordutegian.