BILBO. Ekimena astelehenean izango da, ekainak 24, 17:00etatik 19:00etara Izarra Centreko laugarren solairuko D aretoan. Jardunaldia Oscar Lagek zuzenduko du; Lage Tecnaliako Zibersegurtasunaren eta Blockchainaren arduraduna eta ikertzaile nagusia da.

Sarrera gisa baliagarria izango da jarduera, eta enpresa ezberdinek eta interesdun pertsonek Blockchain teknologiak zer eragin izan dezakeen eta zer-nolako aukerak eskaini ditzakeen ikusteko tartea izango dute.

Blockchain sistema -edo blokeen katea- 2009. urtean jaio zen, Bitcoin moneta birtualarekin batera. Ekimen digitalen eta transakzioen erregistro deszentralizatua da, eta egun ezagutzen ditugun prozedurak eta negozioak aldatu ditzake.

Datu base erraldoi batean oinarritzen da sistema; bertan, erregistro edo blokeak elkarren artean lotuta eta zifratuta daude, transakzioen segurtasuna eta pribatutasuna babesteko. Datu base hedatua da, zifratuari esker segurua, eta transakzio mota guztietan erabili daitekeen sistema da, ekonomikoak izan edo ez.

Gako kriptografikoak erabiltzen direnez, segurtasun abantaila garrantzitsuak eskaintzen ditu manipulazioen eta ustelkerien aurrean. Hori horrela, sarean egiten diren transakzio guztien “kontabilitate” publikoa modu erabat gardenean eramatea ahalbidetzen du Blockchain teknologiak. Ustelkeria, pilaketa eta datuen galera gertatzeko aukerak ia guztiz ezabatzen ditu, eta trazabilitate osoa mantentzen du.

Jardunaldia 17:00etan hasiko da Ermuko Udalaren eskutik, eta jarraian Tecnaliako Oscar Lagek hartuko du hitza. Horren azalpenaren ostean, networkingerako tartea izango da Izarra Centreko terrazan. Bertan, pintxoak dastatu bitartean, gogoetak, hausnarketak eta esperientziak partekatzeko aukera izango da jardunaldiko parte-hartzaileekin.

Blockchainari buruzko ekimen honetan parte hartu ahal izateko, eman ezazu izena dl@udalermua.net helbide elektronikoan.