Urian bizikletaren erabilera sustatzeko helburuarekin, martxan jarriko du Bilboko Udalak 'Domeketan bizikletaz' izeneko kanpaina. Mugikortasun eta Jasangarritasun sailak antolatutako ekimen horren barruan, hiru jardunaldi antolatuko dira: maiatzaren 22an eta ekainaren 5ean eta 26an. Hiro jardunaldiak Areatzan egingo dira.

Programatutako jarduerak Areatzan egingo dira, ibilgailuen zirkulaziorako itxita dagoen zonaldean. Jarduera horiek "Bizikleta Hiria, bizikletaz hobeto-mejor en bici" kanpainaren barruan daude.

Nora Abete Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Jasangarritasun Saileko zinegotziak, jardunaldi hauen aurkezpenean azpimarratu du oso garrantzitsua dela familia osoaren mugikortasun aktiboa sustatzea, bizi-kalitatea eta osasun mentala eta fisikoa hobetzeko, bai eta mugikortasun jasangarriagoa eta ingurumen-inpakturik gabekoa sustatzeko ere.

"Areatzan, domeketan, familia osoarentzako jolas- eta jai-jardunaldi horiek antolatzea aukera bat da, batez ere haurrak urian mugitzeko beste modu batera, alegia, modu jasangarri eta osasungarri batera, ohitu daitezen."

"Domeketan bizikletaz" jardunaldietako bakoitzean, hainbat jolas- eta jai-jarduera egingo dira, betiere bizikleta protagonista dela. "Jardunaldiak herritarren artean bizikletaren erabilera sustatzeko udal-politikaren barruan daude. Politika horren barruan, beste ekintza batzuk ere badaude, hala nola BilbaoBizi bizikleten mailegurako udal-zerbitzua, bizikleta elektrikoak erosteko eta konpontzeko laguntzak, herrigunean bizikleta-sarea hobetzea eta handitzea eta ibilgailuei orduko 30 kilometroko muga jartzea kale guztietan" azaldu du Nora Abetek.

Bestalde, Euskadi Fundazioko Andoni Madariagak gogorarazi du txirrindularitza biziki maite duen talde zoragarri bati esker jaio zela Fundazioa, helburu zuena kirola ez ezik, bizitzeko estilo bat sustatzea Euskal Herrian. "Txirrindularitzako talde profesionalak izatea alferrekoa da gero adingabeei arretarik jartzen ez badiegu; txirrindularitzak eta bizikletak ezinbesteko balioak transmititzen dituzte edozein gazteren garapenean. Horrekin guztiarekin batera, mugikortasunaren eta jasangarritasunaren arloko bizipenak aldatu beharrari lotuta, gure Fundazioak horrelako ekintzak sustatzen ditu. Ekintza horiek beharrezkoak dira, zalantzarik gabe, gure ekosistema zaintzeko mundu-erronka honetan praktika osasuntsuagoak, jasangarriagoak, osasungarriagoak eta, zalantzarik gabe, saihestezinak izango diren kultura batean aldatzen hasteko".

BIGARREN ESKUKO BIZIKLETEN AZOKA

"Domeketan bizikletaz" ekimenaren barruan egingo diren jardueren artean, bigarren eskuko bizikletan azoka txiki bat antolatuko da, gaur egun erabiltzen ez diren bizikletak eskuratu ahal izateko, eta hala nahi duten pertsonei erraztasunak emateko, horiek egunero bizimoduan erabil ditzaten. Horren atzean dagoen ideia da bizikletak trastelekuetatik ateratzea merke antzean saltzeko; horrela, tokiko ingurunean ekonomia zirkularrari laguntzen zaio eta herritarren artean mugikortasun-alternatiba jasangarria sustatzen da.

Aurretiko inskripzioa, hemen.

Azoka txikia 10:00etatik 14:00etara bitartean izango da. Salgai jarriko diren bizikletei alta eman behar zaie, aldez aurretik, formulario bat betez. Pertsona bakoitzeko 2 bizikleta jarriko dira salgai, gehienez, eta bizikleta bakoitzeko prezioa, gehienez, 500 eurokoa izango da.

Azoka txikiaren lehen zatian, 10:00etatik 12:00etara, saltzaileek erabiltzen ez dituzten bizikletak entregatu ahal izango dituzte, izena emateko unean esleitu zaien moduan. Bizikletak sailkatu eta ordenatu ondoren, bigarren eskuko bizikletak erosi ahal izango dituzte interesdunek 11:00etatik 14:00etara bitartean.

Azoka amaitutakoan, jabe izandakoari hitzartutakoa ordainduko diote, eta teknikari batzuk egongo dira bizikletak jabe berrien neurrietara egokitzeko. Gainera, bizikleta saltzea lortzen ez duten pertsonek Bizieskolari eman ahal izango diote. Bizikleta garraiobide gisa erabiltzea sustatzeaz gain, migratzaileen garapen pertsonala eta lan-garapena eta haien erregularizazioa eta gizarteratzea ere sustatzen ditu. Informazio gehiago nahi izanez gero, hona hemen.

BIZIKLETAREKIN TREBETASUNA ERAKUSTEKO PROBAK TXIKIENENTZAT

Jarduera hori 6 eta 14 urte bitarteko haurrentzat da. Interesdunek beren bizikleta eraman beharko dute eta aldez aurretik erreserba egin, Euskadiko Txirrindularitza Fundazioaren webgunearen bidez.

Proba bakoitzak 3 ordu inguru iraungo du, eta 45 minuturik behin 20 txirrindulariko taldeak osatuko dira. Talde horiek beren ibilgailuen kontrola frogatu ahal izango dute 400 metro koadroko espazio hesitu batean. Hainbat proba egingo dira: trebetasun-ginkanak eta oztopoak konoekin, uztaiak, beheko pasabideko barrak eta abar, adingabeek bizikletekin trebetasuna eta konfiantza eskura ditzaten. Gainera, jolas motorretan eta bide- eta hiri-hezkuntza ezagutzeko eta praktikatzeko beste jarduera batzuetan parte hartu ahal izango dute.

GINKANA FAMILIAN

Parte hartzaileek, halaber, aukera izango dute familiarekin eta lagunekin bizikletaz Ginkana bat egiteko; horretarako, bi talde egingo dira, eta talde bakoitzak bost kide izango ditu, gehienez ere. Interesdunek plaza erreserbatu beharko dute, Euskadiko Txirrindularitza Fundazioaren webgunean izena emanda, eta beren bizikleta ekarri beharko dute. Ez da eragozpena izango norbaitek talderik ez izatea. Aukera izango du izena emateko eta antolatzaileek sartuko dute talde batean edo bestean. Jarduera horrek 3 ordu inguru iraungo du, eta atal hauek izango ditu: Bilbori buruzko galderak, bitxikerien azalpena eta argazki-rallye bat, bizikleta erabiliz osatu beharrekoa.

Aurretiko inskripzioa, hemen.

GAIKAKO ERAKUSKETAK

Azkenik, bizikletarekin lotutako zenbait erakusketa antolatuko dira. Lehendabizikoa "Fixie Day" izango da, eta "fixie"ri, pinoi finkoko bizikletari, eskainitakoa da. Ondoren, "Chooper Eguna" egingo da, mota horretako bizikleten erakusketa. Azken domean, parte-hartzaileek bizikleta elektrikoei buruzko erakusketa bat izango dute.