Malu Hatoum artista brasildarraren Malu Hatoum-en 'AQUÍ.FEROZ' erakusketa BilbaoArte Fundazioaren erakusketa aretoan egongo da ikusgai ekainaren 3ra arte. Zehazki, bisita-ordutegia astelehenetik ostiralera dago ezarrita, 17: 30etik 20: 30era.

2021ean beka jaso zuen artista brasildarrak eta soinu-esperientzia bat proposatu du Urazurrutiako Aretoarentzat. Bere narratibak planetako akuiferoek bizi duten mehatxuaz kontzientziatu nahi du bisitaria, Brasilgo zentral hidroelektriko baten kasu espezifikoa adibide gisa hartuz.

Udal-zentroko erakusketa-aretoa planetako akuiferoak babestearen aldeko ibilbide bisual eta soinudunaren kokaleku bihurtuko da maiatzean zehar. «AQUÍ.FEROZ» soinu-esperientzia murgiltzailea da; bidaia hasteko, ente totemiko batek egingo du bisitariaren harrera, zomorro, teknologia eta gizakiaren arteko izaki hibrido bat, ibilbideari amaiera ematen dion «Ouvi-las» (2021) bideo-performancean ikusi ahal izango den janzkerarekin jantzita.

Hainbat bozgorailu soinu-igorle eta soinu-eskultura bihurtzen dira aldi berean, erakusketari, alderdi bisualari dagokionez, azken ukitua ematen diotelarik, kolore urdinez eta berdez inguratuta baitaude. Hatoumek lurralde existentzial gisa deskribatzen du instalazio zentrala -edo aldi baterako eremu autonomoa, Hakim Bey idazleak esango zukeen bezala-, bisitaria ibaietako, zenoteetako, ur-jauzietako, ur-begietako eta inguruneko urekin lotzen duen soinu-bidea.

Soinu-instalazioaren audioak Brasil, Txile, Espainia eta Mexikoko bioma akuiferoetan grabatu ziren Refluxus Kolektiboaren lankidetzarekin. 2021. urte amaieratik aurrera garatzen hasitako soinu-esperientzia hau artistak lantzen jarraitzen duen proiektu irekia da.

Azkenik, «Ouvi-las» bideo-performanceak Juruna eta Kaiapós herri indigenak bizi diren eskualdearen kasu espezifikoa jorratzen du, Pará estatutik Mato Grossoraino (Brasil) hedatzen dena. Artistak Belo Monte presaren ondorioz Brasilgo Xingu ibaiaren inguruko ekosistema laster desagertuko dela eta lurrak desjabetuko dizkietela adierazi nahi du. Malu Hatoumek, akzioaren, ahotsen, soinuen eta musikaren bidez, 2019ko azaroan eraikitzen amaitu zen hidroelektriko honek suposatzen duen mehatxuaren historia kontatzen du.

Artistak 2021ean egoiliar bezala garatutako pieza nagusiak -tresna indigenetan oinarritutako bi flauta eta Casco sonador edo Tecnococar bat- zentroko MediaLab tailerrean ekoitzi ziren, eskaneatutako originalen eta eredu digitalen 3D inprimaketetatik abiatuta. Obra horiek proiekzioan, jantzi bezala, zein erakusketa ireki eta ixten duen figuran egongo dira presente.