Bilboko Udalak iragarri du hiri osoko eraikin eta etxebizitzetan energia-eraginkortasuna hobetzeko laguntzak eskatzeko epea ireki dela. Zehazki, linea berdearen helburua. Etxebizitza Birgaitzeko Laguntza Energetikoa: Bilboko bizitegi-erabilerako eraikinen eta etxebizitzen birgaitze-lanak sustatzea, energia-eraginkortasuneko irizpideekin.

Iván Calderón Hiri Berroneratzearen zinegotziak azaldu duenez, «plan honek bi alde ditu: alde batetik, energia-auditoretza bat bultzatzea eta Eusko Jaurlaritzak urte amaierarako eskatuko duen ziurtagiria eskuratzea —ziurtagiri horrekin, bizitegi-eraikinetako jabeen erkidegoek higiezinaren energia-egoera jakin ahalko dute, eta kalifikazio energetikoa hobetzeko neurriak abiatu—; eta, beste alde batetik, proposatutako neurriak abian jartzeko pizgarriak emango dira; zehazki, laguntzak emango dira Bilboko eraikin eta etxebizitzetan energia-efizientzia hobetzeko».

Izan ere, Euskadin, azaroan onartu zen Energia Jasangarritasunaren Dekretuaren arabera, titulartasun pribatuko bizitegi-eraikinek energia-efizientziako ziurtagiria eduki beharko dute 2022ko abenduaren 31 baino lehen, Energiaren eta Klimaren Plan Nazionala betetzeko. Plan horrek ezartzen du 2030erako, etxebizitzak energia-efizientziako baldintzetan birgaitu beharko direla.

«Lerro Berde berriko laguntzak aste honetatik aurrera eskatu ahalko dira. Horiei esker, erabiltzaileek energia eta dirua aurreztea lortzen dugu, bai eta berehalako konforta, eta ingurumen-hobekuntzak gauzatzen joatea ere», gehitu du Calderónek.

Laguntza horiekin finantzatzen diren obrak bateragarriak dira etxebizitzetan obra txikiak egiteko hirugarren Renove Planaren deialdi irekiarekin. Azken horrek 800.000 euro dauzka, eta energia-efizientzia hobetzeko jarduketetarako laguntzak ere aurreikusten ditu. Lerro Berdearen obretako baldintzak, aldiz, zorrotzagoak dira. Adibidez, leihoak aldatzeko jarduketa batek Renove Planaren laguntza jaso dezake; baina, Lerro Berdearena ere jaso ahal izateko, Eraikingintzaren Kode Teknikoak ezarritako baldintzak bete beharko ditu. Gauza bera gertatzen da galdara-aldaketekin: lerro berriko laguntzak jaso ahal izateko, galdara berriek, efizienteagoak izateaz gain, hornikuntza-iturria hobetu behar dute (gasolioa, elektrikoa gasarekin, edo beste energia ez-fosil bat).