Bilboko Udalak DRS 2022 Bilbao Conference ospatuko du ekainaren 25etik uztailaren 3ra, Design Researh Society eta UPV/EHUko Arkitektura Eskolarekin batera. Zehazki, diseinuko ikerketari buruzko kongresu honek sektoreko nazioarteko 700 erreferente baino gehiago bilduko ditu. Jakinarazi dutenez, nazioartean garrantzia duten hiru hitzaldi izango ditu, 40 workshop baino gehiago, hiriarentzako erronkak dituzten bost labe eta tokiko eragileekin hainbat jarduera, besteak beste. Gainera, aurrez aurre eta online egingo da.

DRS Conference ekitaldiaren 2022. urteko edizioa diseinu ikerketari lotutako 38 esparrutan sailkatu da, eta arreta berezia jarri da ingurumenari, gizarteari eta teknologiari lotutako erronketan. Nazioartera iritsiko diren hiru hitzaldi nagusiak, gainera, hiriari, elikadurari eta ekosistemei buruzkoak izango dira.

Hauexek dira kongresuan parte hartuko duten munduko erreferenteetako batzuk: Samantha G.R Jenkins, mundu errealean jasangarritasunaren zientzia aktiboki aplikatzearen inguruko ikertzaile-bioteknologoa, eta Neil Harbisson, artista zibernetiko bat, zeina ospetsua den garezurrean antena bat izateagatik eta gobernuak ofizialki zibernetiko aitortu izanagatik. Baita, bi Mitxelin izar dituen Andoni Luis Aduriz sukaldariak eta Sonja Stummerer eta Martin Hablesreiter arkitektoek hurbileko eta urruneko etorkizunean industriak aurre egiteko dituen erronkei buruz hitz egingo dute, bai eta berrikuntzak sukaldaritzako profesionalengan eta haien lan-prozesuetan duen eraginari buruz, ikuspegi jasangarriago batekin, eta oreka ekonomiko eta ekologikoan eragin txikiagoa duten material berrien ikerketari buruz ere.

Aurtengo edizioan, profesional guztiek parte hartu ahal izango dute; izan ere, 40 tailer baino gehiago eta bost Lab antolatuko dira formatu berri batean, zeinak harremanetan jarriko dituen unibertsitateen euskal ekosistema eta atzerriko erakunde akademikoak, Bostongo MIT, Londoneko UAL eta TUDelft, esaterako, Bilboren erronka garrantzitsuetan lan egin dezaten. Era berean, Bilbokoa Fringe jaialdi bat izango duen lehen edizioa izango da, alegia egitarau ofizialetik kanpoko jarduerak. Parte-hartzaileek hiribildua ezagutzeko aukera izango dute arkitekturaren, artearen, enpresa handien eta diseinu-estudioen bidez.

Bizkaia Aretoa izango da ekitaldiaren egoitza nagusia, baina DRS2022 Bilbao Conference hiriko beste espazio batzuetara ere irekiko da, hala nola Bilbao Guggenheim Museoa, Azkuna Zentroa - Alhondiga Bilbao, IED Kunsthal eta Zabalguneko Eraikina.

DRS2022 Bilbao Conference-rako sarrerak esteka honen bidez eskura daitezke kongresuaren webgunean.