Bilborock Aretoak atzo eman zion hasiera bere 25 urteen ospakizunari, eta programazio berezia izango du maiatzean. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ostegun honetan egindako lehen ekitaldian 25 pertsona, erakunde edo talderi aitortu zaie areto honen historiari egindako ekarpena.

Ezagutza agertu zaienen artean daude, besteak beste, Doctor Deseo eta Zea Mays taldeak, ohiko programen programatzaileak, hala nola Femme, Freskure, Zinegoak, edota auzo-entitateak, hala nola Sarean eta Afrook de Betto Snay.

Urteurreneko ekitaldietan lehenengoa jaialdi bat izan da, eta gaur arratsaldean egin da, Juan Mari Aburto Bilboko alkatea buru zela. Halaber, han izan da Itxaso Erroteta ere, Gazteria eta Kirol Saileko zinegotzia, udalbatzako beste ordezkari batzuekin batera.

25 ezagutza horien artean, halaber izan da aipamen berezi bat, Fito Cabralesen alde: izan ere, haren artista-ibilbideko hastapenak Bilborock aretoaren inguruan izan ziren. Fitok ezin izan du bertan egon, bira bat egiten ari baita bere taldearekin, baina mezu bat bidali du bideo baten bidez, esker ona agertuz ezagutzarengatik, eta Bilborock aretoaren balioa goraipatuz.

Alkateak, bestalde, zorionak eman dizkie, eta eskerrak agertu, funtsezkoak izan direlako aretoaren arrakastan: "Bilborock-ek erakusten du zer uri-eredu nahi dugun, uri gazte eta dinamiko bat, talentuaren, sormenaren eta etorkizunaren aldeko apustua egiten duena, baina historia handiko bere iragana ahaztu gabe, Bilborock gazteendako eta kultur produkziorako sinergia-gune bat bihurtu da, batez ere musikaren arloan, baina baita ere zinemaren, antzerkiaren, dantzaren, modaren edo ikus-entzunezko produkzioaren arloetan, erakusketarako, sormenerako, entseguetarako eta grabaziorako eskaintza erakargarri batekin", adierazi du alkateak.

Saioa jai-girokoa izan da guztiz, eta girotzeko, Haizea Gómez eta Lola Guerricaechebarria aritu dira musika-emanaldiak ematen; halaber, txalapartariak izan dira, eta DJ-ak ere bai, Bilborocken jo izan duten taldeen binilozko diskoak entzunaraziz.

Ekitaldian, gainera, Bilborock-en kultur eta musika programazioko ohiko pertsonak izan dira, bai eta gazte kolektiboak, auzo elkarteak eta beren egunerokoan era batera edo bestera udal-areto honekin harremana duten pertsonak ere.