Astearte honetan, apirilak 26, arratsaldeko 18.00etatik aurrera, 'Osasuna eta Adikzioak' jardunadi-zikloaren barruan antolatutako hitzaldi berri bat jasoko du Bilborockek. Oraingo honetan, bideojokoekiko adikzioaren arazoa landuko da.

Bilboko Udalaren Osasun eta Kontsumo Sailak "Osasuna eta Adikzioak" jardunaldiak antolatu ditu, beste urte batez. Edizio honetan, hauek landuko dituzte: Internet eta sare sozialen erabilera konpultsiboa, bideojokoekiko adikzioa, mendekotasun emozionala, modu konpultsiboan erostea, sexuarekiko adikzioa eta ausazko jokoaren nahasmendua. Yolanda Díez alkateorde eta Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotzi ordezkariak gogorarazi duenez, programaren xedea da "jokabidezko adikzioak badirela ohartaraztea, horien ezaugarriak ezagutaraztea eta sendatzeko prozesuari ekiteko dauden baliabideen berri ematea".

Izan ere, 2021etik, arlo horretan lan egiteko, "Bilboko Udalak eta Alubiz Bilbao elkarteak sinatutako lankidetza-hitzarmenari esker, elkarri laguntzeko talde bat sortu da, bideojokoekiko adikzioak eragindako pertsonentzat. Bertan, laguntza eman, eta sendatzeko prozesuak eskaintzen dizkiete", aipatu du Yolanda Díezek.

Osasun Ministerioaren ESTUDES 2021 inkestak islatzen du bideojokoen erabilera hazi egin dela 14-18 urte arteko ikasleen artean: % 85,1 bideojokoetan aritu da azken urtean (2019an, % 82,2 izan zen), eta 14-18 urteko ikasleen % 7,1ek bideojokoekiko balizko adikzioa du.

"Osasuna eta Adikzioak" jardunaldiek eman zieten hasiera "Jokabidezko adikzioak agertokira" zikloari. Topaketa martxoaren 22an izan zen, eta, bertan, Interneten eta sare sozialen erabilera konpultsiboa landu zuten. El Bihar egingo denaz gain, beste saio batzuk aurreikusten ditu zikloak: maiatzaren 10ean, mendekotasun emozionalari buruzkoa; hil bereko 24an, modu konpultsiboan erosteari buruzkoa; irailaren 20an, sexuarekiko adikzioari buruzkoa, eta urriaren 25ean, ausazko jokoen nahasmenduari buruzkoa.

Metodologiari dagokionez, aurkezpen bat egiten dute talde-dinamikekin, ikus-entzunezko materiala ikusten dute, eta testigantza batzuk entzuten dituzte. Ana Isabel Estévez Gutiérrez psikologoak zuzentzen ditu saioak.

Jardunaldiak doan izango dira, Bilborocken, 18:00etan. Parte hartzeko, izena eman behar da aldez aurretik udal webguneko esteka honetan edo 94 420 49 74 telefono-zenbakian.