Elkarrizketak literaturarekin zikloa astearte honetan, urtarrilak 18, 19:00etan itzuliko da Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoan. Zehazki, Txani Rodríguez idazleak parte hartuko du idazteko orduan estiloa ardatz izango duen hitzorduan.

Hurrengo astearteko topaketan gai hauek jorratuko dira: testuak idazteko orduan edukia edo forma garrantzitsuagoa den; estiloak inprobisazioa onartzen duen ala ez; edo norberaren estiloa aurkitzea erraza edo zaila den.

Txani Rodríguez Laudion jaio zen, 1977an. Kazetaria, gidoilaria eta idazlea da. "Lo que será de nosotros" (2008), "Agosto" (2013) eta "Si quieres, puedes quedarte aquí" (2016) eleberriak argitaratu ditu. "El corazón de los aviones" (2006) kontakizun-liburua eta zenbait komiki argitaratu ditu; horien artean, "La carrera del sol" (2008) nabarmentzen da, hainbat hizkuntzatara itzuli dena. Radio Euskadiko "Pompas de papel" programako taldeko kide da, eta hainbat komunikabidetan idazten du, besteak beste, El Correo egunkariaren "Territorios" kultura-gehigarrian. Sormen-idazketako irakaslea da Escola d'Escriptura de l'Ateneu Barcelonèsen eta ALEA Literatur Elkartean.

Aipatzekoa da, gainera, Txani Rodríguezek 2021eko Euskadi Literatura Saria jaso zuela gaztelaniazko literaturaren kategorian, "Los últimos románticos" lanarekin.

BIDEBARRIETA KULTURGUNEA Bidebarrietako Liburutegiak kulturari eskainitako gunea da. Bere helburuen artean kultura, literatura eta zientziaren garapena eta sustapensa daude.

Sarrera doakoa eta librea izango da lekua bete arte. Bertaratzerik ez badago, aurkezpena streaming bidez jarraitu ahal izango da www.kulturguneatb.eus webgunean.