Koronabirusaren pandemiak eragindako egoera dela eta, urtarrilaren 5ean ospatuko den Errege Magoen 'Gau magikoa' ikuskizunak hainbat murrizketa izango ditu. Hala ere, ostegun honetan goizeko 10.00etatik aurrera jarriko dira salgai ikuskizunerako sarrerak. Lau emanaldi eskainiko dira, (11:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 19:00etan).

Sistema horren bidez, sartuko den jende kopuruaren muga kontrolatu nahi da, eta eragotzi, aldi berean, ez dadila erreserbatu gero erabiliko ez den sarrerarik. Udalak adingabeei lekua uztea aholkatzen du, haiek baitute lehentasuna ikuskizun horretaz gozatzeko, eta pertsona heldu bat bakarrik izatea haiekin doana.

Funtzio hunkigarri horrek magiaz, ilusioz, umorez eta pozez beteko du Bilbao Arena kirol jauregia, datorren asteazkenean, urtarrilak 5. Bi euroko prezio sinbolikoa izango du, eta pertsona bakoitzak lau sarrera erosi ahal izango ditu gehienez. Gainera, 2022an 6.000 lagunentzako lekua egongo da, iaz baino 4.000 pertsona gehiago. Emanaldi bakoitzean 1.500 pertsona sar daitezke.

Bigarren urtez jarraian, pandemiaren ondorioz, Bilboko Udalak Ekialdeko Erregeen Kabalgata tradizionalaren ordez emozioz beteriko ikuskizun paregabea antolatu du: “Gau magikoa”. Ikuskizuna 40 minutu ingurukoa da eta lau emanaldi izango dira, 11:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 19:00etan, ahalik eta haur gehienek goza dezaten.

Bertaratutako pertsona guztien segurtasuna bermatzeko, eta urtarrilaren 5ean esparrura sartu aurretik, Europar Batasuneko Covid Digitalaren Ziurtagiriaren kontrola egingo da. Etxeko umeek ere nahitaez erabili beharko dute maskara, edozein adinetakoak direla ere.