Bihar Bilboko Udal Txistulari Bandak Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko txistu ikasleekin kontzertu bat eskainiko du Iruñean. Emanaldi honetan guztira hiru ikasle parte hartuko dute: Maite Lomas, Beñat Alkoaz eta Aitor Uharte. Zehazki, joan nahi dutenak 19:00etan egin dezakete Kondestablearen Jauregian.

Bilboko taldeak, Garikoitz Mendizabalen zuzendaritzapean, askotariko errepertorioa interpretatuko du, besteak beste, Jagoba Astiazaranen "Zorpekoa (zortzikoa)", Jose Ignazio Ansorenaren "Bedaio", J. M. Gonzalez Bastidaren "Txakolin bariazioak", Eduardo Morenoren "Dantzarien bilduma", Tomas Garbizuren "Baztan", Luis Aranbururen "Fandango zaharra", Urtzi Iraizozen "Uztail", Jose Ignazio Ansorenaren "Kurruxko", "Pixkanaka" eta "Antton", "Boleras" eta Luis Urteagaren "Rapsodia II" izango dira entzungai.

Lankidetza-kontzertu horren biharamunean, Nafarroako Goi Mailako Musika Kontserbatorioko ikasleek bisita itzuliko diote Bilboko taldeari. Hala, Bidebarrietako Liburutegiak protagonista berberak hartuko ditu abenduaren 11n, larunbata, eta erreportorioa errepikatuko dute kasu honetan Bilboko publikoaren aurrean. Kontzertua 19:00etan hasiko da eta sarrera librea izango da lekua bete arte.

Bi hitzordu horien ondoren, datorren abenduaren 20an, Txistularien boskotea Euskalduna Jauregira itzuliko da bere kontzertu-zikloko ikuskizun berri batekin, "Elur malutak" izeneko emanaldiarekin hain zuzen ere. Ikuskizunean Bilbao Musika Eskolako Ahotsak eta Ensemble Lux Abesbatzak izango ditu bidelagun eta garai honetan esanguratsuak diren hainbat doinu entzunaraziko dituzte, batzuk denok ezagutzen ditugunak, beste batzuk aldiz, egungo konpositoreek sasoi hauetarako sortuak.

Txistulari Bandaren aurtengo azken hitzordua abenduaren 22an izango da. Bertan, Bilboko Udal Musika Bandarekin batera arituko da, Euskalduna Jauregian eskainiko duten Gabonetako kontzertu berezi eta tradizionalean parte hartuz.