Rafael Mikoleta Euskarazko Ipuinen Lehiaketaren hogeita hamalaugarren edizioa martxan dago, eta Bilboko Udalak jakinarazi duenez, izena emateko epea zabalik dago. Zehazki, ipuinak 2022ko urtarrilaren 28ra arte aurkeztu ahal izango dira. "Lehiaketa horren helburua da ikasle bilbotarren artean euskarazko irakurketa eta idazketa sustatzea", gogoratu dituzte.

Udalak uriko gazteak animatzen ditu euskara eta euskarazko literatura modu original eta dibertigarrian landu eta bultzatzera, haurrentzako ipuinak idatziz.

OINARRIAK

Lehiaketa Bilbon erroldatuta dauden, edo uriko ikastetxe batean ikasten duten Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei zuzenduta dago. Gazteek honako baldintza hauek bete behar dituzte:

  • Ipuinek euskaraz idatzitakoak izan behar dute, eta marrazkiz lagunduta egon.
  • Jatorrizkoak, argitaratu gabeak eta beste lehiaketaren batean aurkeztu bakoak izan behar dute.
  • egile bakarra izan behar dute. Eta irakurtzeko moduan idatzita egon behar dute: ordenagailuz, idazmakinaz edo letra argiz.
  • Gaia librea izango da.
  • 2 eta 4 folio bitarteko luzera izan behar dute.
  • Ipuinak aurkezteko epea amaituko da 2022ko urtarrilaren 28an, 14.00etan. Aleak Bilboko Udaleko Euskara eta Hezkuntza Saileko Euskara Zuzendariordetzan aurkeztu beharko dira (Venezuela plaza 2, 7. solairua - 48001 Bilbo).

Lanak aurkezteko moduari dagokionez, jatorrizkoa (koloretan) eta kopia bat aurkeztu behar dira. Egilearen datuak ez dira agertu behar izenburuaren ondoan; bakarrik jarri behar da ikasturtea, eta zein kategoriatakoa den.

Erantsitako fitxa batean, ipuinaren kategoria eta izenburua, egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, irakaslearen izen-abizenak eta eskolaren izena jarri beharko dira.

Lehiaketaren oinarriak www.bilbao.eus udal webgunean eta www.bilbaoeuskaraz.eus orrian daude. Gainera, Bilboko ikastetxeetan eskuzko 2.000 egitarau banatuko dira, lehiaketa eta oinarriak iragartzeko.

EPAIMAHAIA

Epaimahaia osatuko dute literaturaren munduari lotutako pertsonek, denak ere Bilbon bizi direnak. Honako hauek izango dira: Igone Etxebarria, Txani Rodríguez, Lutxo Egia, Juan Ramón Madariaga, Julen Gabiria, Irune Urrizelki, Galder Urzaa eta Goizalde Landabaso.

Euskarazko ipuinen lehiaketa horren izena Rafael Mikoleta da, lehenbiziko euskal gramatika osatu zuen pertsonaren omenez. Urtero egiten da, 1988 urteaz geroztik.

Aurreko edizioan, 922 ipuin aurkeztu zituzten 8 eta 16 urte bitarteko adingabeek.