Astearte honetatik aurrera, azaroak 2, TAO eremu berrietako txartelak eskatu ahal izango dituzte Abusu, Ibarrekolanda eta San Ignazioko egoiliarrek. Bertan, 13., 14. eta 15. eremuetan, datorren urteko lehen hiruhilekoan sartuko da indarrean TAO zerbitzua.

Abusu, Ibarrekolanda eta San Ignazioko TAO Eremu berrien sorrerak erantzuna eman dio auzotarrek banaka nahiz elkarteen bidez azaldutako eskaerari, eta horren beharra Udalak berak egindako azterlan baten bitartez berretsi da.

Eskabideak modu presentzialean tramita daitezke, San Agustin Eraikinean (beheko solairua) zein horretarako prestatu diren bi bulego deszentralizatuetan, Deustuko Udaltegian eta Miribillako Udaltegian, 8:30etatik 14:00etara bitartean.

Horretarako, nahitaezkoa da aurretiko hitzordua izatea, eta webgune honetan edo 010/ 94 401 00 10 telefonora deituz eska daiteke.

TAO txartela online eskatu nahi dutenek Bilboko Udalaren webgunean sartu eta urrats hauei jarraitu besterik ez dute egin behar: Ogasuna eta Dirubilketa / "E-2" zerga eta dirubiltze arloko eskariak / 01 Bertakoentzako TAO baimena.

BAKQ bidez sar daitezke (erabiltzailea eta pasahitzarekin), edo modu irekian, NANa erantsiz. Telematikoki tramitatutako eskaerek % 50eko murrizketa izango dute lehen urteko kuotan.

TAOren egoiliarrentzako txartela lortzeak urteko tasa ordaintzea dakar, 48 €/urtean 2021eko ekitaldian. San Ignazio, Ibarrekolanda eta Abusuko TAO Eremu berrien kasuan, 2022ko urteko kuota hiru hiruhilekori dagokiena izango da.

Azkenik gogoratu behar da TAO Bilbaoren egoiliarrentzako txartelek mugarik gabeko balioa dutela eta ez dagoela urtero eskatu beharrik, baldin eta Udal Ordenantzan ezarritako betekizunak betetzen badira. Enpresako ibilgailua duten egoiliarrek bakarrik aurkeztu behar dute urtero eskaera berri bat.