Bidebarrieta Kulturguneak Ángela Figuerari omenaldia hartuko du

27.10.2021 | 15:16
Bidebarrieta Kulturguneak Ángela Figuerari omenaldia hartuko du

Ostiral honetan Ángela Figuerari omenaldi bat egingo da Bilboko Udalaren Bidebarrieta Kulturgunean, bere eguna ospatzen delako.Omenezko ekitaldia "Ángela Figuera Aymerich: poeta solidarioa" hitzaldiarekin hasiko da, 19:00etatik aurrera. Han María Bengoa kazetari eta idazleak parte hartuko du eta gero poema bat irakurriko da.

Ángela Figuera Bilbon jaio zen, 1902ko urriaren 30ean, eta XX. mendeko bigarren zatiko poetarik handienetakotzat jotzen da, Carmen Conderekin batera. Filosofia eta Letrak ikasi zituen Madrilgo Unibertsitatean, eta Hizkuntza eta Literaturako katedradun izan zen Huelva, Alcoy eta Murtziako institutuetan.

Idazle moduan hasi zenean, handia izan zen berarengan Juan Ramón Jiménezen eta Antonio Machadoren eragina, eta, sarri, eguneroko gertaerak agertzen zituen bere testuetan. Apurka-apurka, emakumearen ikuspuntutik hasi zen idazten. Bere herriarekin eta garaiarekin engaiatutako emakumea izan zen: frankismoaren kontrakoa, idazle gizonek menderatzen zuten mundu batean, eta emakumearen zeregin sozialaren defendatzaile. Gerra osteko belaunaldiko idazletzat jotzen da. Blas de Otero eta Gabriel Celaya poetak adiskide izan zituen; ez zuen gustuko talde poetiko batean edo bestean koka zezaten. Ez zuen bere poesia definitu nahi izan, baina poeta sozialtzat jo zuten, zeren eta, esate baterako, emakumeak gizartean zuen zeregina ardura izan baitzitzaion, bere bizipenak ere baliatu zituelarik horretarako. Esaten zuen bere obran berak irakurritako guztia islatzen zela, iraganean irakurritakoak edo unean irakurtzen zituenak.

Bere poemetan, lirismoa eta bizitasuna dira ezaugarri, eta hizkera soil eta laua, ez bihurria. Argitaratu zituen lanak: "Mujer de barro" (1948), "Soria pura" (1949), "El grito inútil" (1952), "Los días duros" (1953) eta "Víspera de la vida" (1953), "Belleza cruel" (1958, Espainia Berria poesia-saria) eta "Toco la tierra" (1962). Halaber, umeentzako poema bildumak "Cuentos tontos para niños listos" (1980) eta hil ostean argitaratutako "Canciones para todo el año" (1984).

Bestalde, Ángela Figuerak Liburutegi Nazionalean lan egin zuen, eta handik, "bibliobus" direlakoekin, lan handia egin zuen: zerbitzu horrek literatura eta irakurtzeko ohitura eraman ohi zuen Madrilgo auzo baztertuetara eta aldirietara.

Beraren omenezko eguna ospatuz, Bilboko Udalak bilbotar hau ekarri nahi du agerira, zeina, bere garaiko emakume asko legez, emakume izateagatik, eta Gerra Zibila galdu zuen alderdian egoteagatik, ez zuen izan bere obragatik merezi zuen ezagutza publikoa.

Sarrera doakoa eta librea da, aretoa bete arte. Bertara joan gabe ere izango da aukera aurkezpena ikusteko, www.kulturguneatb.eus web orrian, streaming bidez.

Euskadin Covid-19ak eragindako larrialdi sanitarioko egoera amaiturik, eta prebentzio-neurri batzuek indarrean dirautenez, Bidebarrieta Kulturguneko ekitaldietan aretoa bete arte sartu ahalko da jendea, kopuru-mugarik gabe, baina maskara janztea nahitaezkoa izango da.

noticias de deia