Gaurtik aurrera, bilbotarrek Ahalordetzeen Erregistro Elektroniko Orokorra erabili ahal izango dute, beste pertsona fisiko edo juridiko batek herri-administrazioen aurrean beren izenean kudeaketak egin ditzan. Bilboko Udalak jakinarazi duenez, ahalordetzea www.bilbao.eus webgunearen bidez egin ahal izango da, edo aurrez aurre.

Ahalordea Udalaren www.bilbao.eus egoitza elektronikoaren bidez eman ahal izango da (bertara sartzeko BAKQ edo beste ziurtagiri elektroniko bat erabil daiteke), edo aurrez aurre, San Agustingo Herritarrentzako Arreta Bulegoan. Horretarako, aldez aurreko hitzordua eskatu beharko da.

Ordezkapena Erregistro honetan inskribaturik, herritarrak ez du zertan agiri berak aurkeztu behin eta berriro, administrazio-izapide bat egin behar duen bakoitzean.

Udalaren asmoa da arreta hobetzea eta udal zerbitzu ahalik eta onenak ematea, herritarrek egin beharreko izapideak arinago eta aisago egiteko modua emanez, beste batzuen ordez ari direnean prozedura eta zerbitzu publikoetan.

Hasieran aukera izango dute Bilboko udalaren aurrean izapideak egiteko borondatezko ordezkapenak emateko, eta, apurka-apurka, aukera izango da Ahalordetzeen Erregistroan honako ordezkapen eta/edo baimen motak emateko:

Apud acta emandako borondatezko ordezkapenak, aurrez aurre nahiz Bilboko Udalaren egoitza elektronikoan bertaratze elektronikoaren bidez.

Agiri publikoaren bidez edo agiri pribatuaren bidez (sinadura notarioak egiaztaturik) emandako ahalordeak.

Legezko ordezkapenak, ordezkatua pertsona juridiko bat bada.

Enplegatuen edo langileen aldeko baimenak, kontratatu dituen pertsonaren edo entitatearen izenean izapideak egin ditzaten.