Bihar, irailak 29, eta etzi, hilak 30, goizeko 11:00etatik 12:00etara eta arratsaldeko 19:00etatik 20:00etara bitartean, bilbotarrek San Mameseko kiroldegiko instalazioak bisitatu ahal izango dituzte, bertako eskaintzaren berri jasotzeko, Bilbao Kirolakek ate irekien saioak antolatu egin baititu.

Bisita gidatua izango da. Interesdunek ez dute erreserbarik egin beharko, ez eta aldez aurretik izena eman ere; instalazioetara hurbiltzea nahikoa izango da. 15 minutuko bisita izango da eta, gehienez ere, 10 laguneko taldetan egingo dira. Maskara erabiltzea nahitaezkoa izango da.

SAN MAMESEKO KIROLDEGIKO ESKAINTZA

San Mameseko kiroldegia 2019an inauguratu zen. Udal kiroldegien sarean sartu den azkena da, eta kirol-jarduera eta -errendimendu berrietara egokitutako jarduerak eskaintzen ditu. Gazteenen eskaerari erantzuten dion eskaintza, beraz.

50 metroko igerilekua eta wellness eremua -spa, bainu turkiarra eta sauna- ditu, eta Bilbao Kirolak-en abonatuek doan sartu eta erabil ditzakete instalazioak.

San Mameseko kiroldegiak fitness areto bat du, funtzio askotako ariketak egiteko areto birekin: PRAMA aretoa eta Fitkross aretoa, biak metodologia moderno eta aitzindariz hornituak. Horrelako espazioak dituen udal kiroldegi bakarra da.

PRAMA gelaren oinarria ariketa funtzionalak dira, soinu eta argiekin eta zoru eta horma interaktiboekin koordinatuak, erabiltzaileen mugimenduak gidatzeko. Metodologia hau daukan areto bakarra da Bilbo osoan, eta Bizkaiko handiena. Horrela, musika eta teknologia elkartu dira kirolean emaitza hobeak lortzeko.

Gainera, areto honek eskegita entrenatzeko elementuak dauzka. Hain zuzen ere, erabiltzaileek hiru tailer berri egin ditzakete: aerial yoga, aerial pilates eta TRX/eskegita entrenatzea. PRAMA gelan egiten diren jarduerarik berrienetako batzuk hauek dira:

  • Aeroboxing: jarduera aerobiko bizia musikaren erritmoari jarraituta; arte martzial batzuen mugimenduak erabiltzen dira: kick boxing, taekwondo, boxeoa€
  • Fitness interaktiboa (PRAMA): esperientzia interaktibo honekin, entrenamendua jarduera dibertigarri, motibatzaile eta bizi bihurtzen da; musikak eta argiztapenak lagunduta, koordinazioa, oreka eta bizitasuna hobetuko dituzu, baita indarra, potentzia eta erresistentzia ere.
  • Fitness Fun: gela funtzionaleko elementu guztiak (CARDIO HIIT, PRAMA, TRX) erabiltzen ditu jarduera honek, horrela entrenamendu-saioak arinak, atseginak eta batez ere, dibertigarriak, eginez.

Fitkross aretoak 155 metro karratu ditu oinarrizko gaitasunak lantzeko: erresistentzia, indarra, malgutasuna, potentzia, abiadura, koordinazioa, agilitatea, oreka eta zehaztasuna. Areto honetan, arrasteko elementuak barrekin, diskoekin eta pisuekin konbinatzen dira.

Bilbao Kirolak-ek langile espezializatuak ditu erabiltzaileak gidatzeko eta diziplina bakoitzeko trebeziak irakasteko: gero, bakoitza bere aldetik entrenatuko da, gainbegiratuta, "box libreko? ordutegietan.