Bilbao Kirolak ate irekien saioak antolatu ditu unibertsitateko ikasleentzat, San Mameseko kiroldegiko instalazioak eta eskaintza ezagutzeko. Bere instalazioetan, Prama eta Fitkross aretoak ditu, eskaintza gaztea, modernoa eta kirola egiteko eta kirol errendimenduak hobetzeko modu berrietara egokitua.

Bilboko Udalak, Bilbao Kirolak-en bidez, Bilboko herritarren artean jarduera fisikoa eta kirol-jarduera sustatzearen aldeko apustua egin du, eta arreta berezia jartzen die gazteenei, ariketa ohiko errutinan sar dezaten eta bizimodu osasungarri bihur dadin, haien osasuna eta ongizatea hobetzeko.

Helburu horrekin egiten diren ekintzen barruan, Bilbao Kirolak-ek lankidetza-hitzarmenak berritu ditu Euskal Herriko Unibertsitatearekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Mondragon Unibertsitatearekin, unibertsitarioek Bilbao Kirolak-eko 11 udal-kiroldegietara sartzeko aukera izan dezaten.

Horrela, nahi duten ikasleek Bilbao Kirolak-en abonatutako pertsona gisa alta eman ahal izango dute, Bilbon abonatutako eta erroldatutako pertsonen baldintza beretan: doan sartu ahal izango dira erabilera libreko igerileku eta instalazioetara. Gainera, ez dute ordaindu beharko izena emateko tarifa eta prezio murriztuak izango dituzte ikastaroetan; EHUko ikasleen kasuan, aukera libreko kredituak lortu ahal izango dituzte. Baldintza horiek unibertsitateko langile guztiei aplikatuko zaizkie: irakasleei, administrazioko edo zuzendaritzako langileei, besteak beste.

Alta emateko prozesua unibertsitateko erakundeen web orrietan edo kirol jardueren bulegoetan egiten da.

SAN MAMESEKO KIROLDEGIKO ESKAINTZA

San Mameseko Kiroldegia 2019an inauguratu zen, udal kiroldegien sarean sartu den azkena izan da, eta kirol-jarduera eta -errendimendu berrietara egokitutako eskaintza gaztea eskaintzen du. Gazteenen eskaerari erantzuten dion eskaintza.

50 metroko igerilekua eta wellness eremua -spa, bainu turkiarra eta sauna- ditu, eta Bilbao Kirolak-en abonatuek doan sartu eta erabil ditzakete instalazioak.

San Mameseko kiroldegiak fitness areto bat du, funtzio askotako ariketak egiteko areto birekin: PRAMA aretoa eta Fitkross aretoa, biak metodologia moderno eta aitzindariz hornituak. Horrelako espazioak dituen udal kiroldegi bakarra da.