Bilboko Udalak jakinarazi duenez, urrian "BILBAO IZAN" programak eskainiko ditu bisita gidatuak Errekaldeberri auzora. Bi aukera egongo dira auzoa ezagutzeko: "Ezagutu oinez" eta "Ezagutu familian". Proposamenaren inskripzioak irekiko dirairailaren 23tik aurrera.

Bilbotarrek eta hiria bisitatzen duten pertsonek Errekaldeberriko bitxikeriak, sekretuak eta historia modu sakon eta atseginean ezagutzeko aukera izango dute, oinez eta taldeka, "Ezagutu oinez" programaren eskutik.

Duela gutxi arte, Errekaldeberri Abandoko elizateko azken landa-auzoetako bat izan da, fruta-arbolaz, baratze emankorrez, baserriren bat eta, zelan ez, txakolin gozodun mahastiez zipriztinduta. Baina Bilboren industrializazio prozesuarekin, lantegi asko instalatu ziren inguru horretan eta, horren ondorioz, auzoa oso azkar handitu zen: lehen baratzeak zirenak, industria-pabiloi handi eta langileentzako etxebizitza bihurtu ziren. Errekaldetarren leinuaren garaitik hasi eta hiribilduko gune industrialenetako bat bihurtu arte, auzoak jaso duen aldaketa ezagutuko dugu.

BISITAK

Bisitek ordu eta erdiko iraupena izango dute. ASTELEHENETIK OSTIRALERA 10:30ETAN ETA 18:00ETAN daude programatuta, eta larunbatetan 10:30etan eta 12:30etan.

OSTEGUN ARRATSALDEETAN (18:00etan) BISITAK EUSKARAZ IZANGO DIRA. Halaber, euskaraz egin nahi duten taldeak izanez gero, taldearekin adostuko da zein egun eta ordutan. Eskaera egiteko, mezu elektroniko bat bidali behar da cultura@bilbao.eus helbidera.

“EZAGUTU FAMILIAN”

Urrian itzuliko da ere "Ezagutu familian" programa, lau urtetik gorako haurrak dituzten familientzat diseinatua. Errrekaldeberrin egingo diren bisita horietan, jolas eta ipuinen bidez, familiek auzoa beste modu batera eta begirada bitxi eta sortzaile baten bidez ezagutuko dute, esplorazio-kit bati esker. Zentzumenak irekita eta arretaz begiratuz, helduek eta txikiek auzoa ikuspegi berrietatik ezagutuko dute.

BISITAK

“Ezagutu familian” programako bisitak ordu eta erdiko iraupena ere izango dute. URRIAREN 17AN ETA 24AN, IGANDEETAN, IZANGO DIRA, 10:30ETAN ETA 12:30ETAN, eta elebidunak izango dira, euskaraz eta gaztelaniaz, bi hizkuntzetan.

IZENA EMATEA, ELKARGUNEA ETA NOLA IRITSI

Urrian antolatutako bisitaldiez gozatu nahi duten guztiek irailaren 23tik aurrera ERRESERBA EGIN DEZAKETE www.bilbaokultura.eus webgunean. Ezinbestekoa izango da erregistratzea, bisita egin ahal izateko.

"Ezagutu Errekaldeberri oinez" programako bisiten TOPAGUNEA Errekalde Plaza izango da, Nuestra Señora del Rosario parrokiaren aurrean. "Ezagutu Errekaldeberri familian" proposamenaren TOPAGUNEA Ametzolako tren geltokia izango da (Gordoniz kaleko sarreran).

(Bilbobus: A8, 27, 72, 77; Aldiriko trena: C1, C2).

Ibilbideak aire librekoak direnez, baliteke, euria egiten badu, jarduera zertxobait aldatuta egotea. Babes- eta higiene-neurriak bermatuta egongo dira, eta ezinbestekoa izango da maskara uneoro erabiltzea.

TXIO TA TXIO

“TXIO TA TXIO” ekimenaren eskutik, uztailetik hona egiten ari den bezala, Udalak bere sare sozialetan bideoak zabaltzen jarraituko du abendura arte. Bideo horietan, Bilboko auzoekin lotutako bitxikeriak, pertsonaia garrantzitsuak eta pasadizoak dira protagonista. "Bilbao Izan"en edizio berri honetan, Iralabarri, Zabala, Errekaldeberri eta Miribilla auzoak ezagutzera ematen ari dira.

Bideoak Bilbao Izan eta Bilbao Kultura Facebook profiletan ikusi ahal izango dira, eta Bilbao Kulturaren Youtuben eta Instagramen, eta Bilboko Udaleko sare sozialetan ere.