Gaur goizean, irailak 17, anbulantzia elektriko berrien aurkezpena egin da San Mameseko esplanadan. Bertan izan dira, besteak beste, Bilboko Udaleko alkateorde Alfonso Gil eta Eusko Jaurlaritzako Osasun saileko Administrazio eta Finantzazio Sanitarioko sailburuorde Nerea Urien Azpitarte.

Bizkaian eta Araban premiazkoa ez den osasun-garraioko zerbitzua ematen hasi diren anbulantzia elektrikoen aurkezpena San Mameseko zabalgunean egin da, SEM Bilbao 21en testuinguruan. Aurkezpenean, Iberdrola, Mercedes-Benz Aguinaga eta zerbitzua kudeatzen duen La Pau enpresako ordezkariak egon dira.

Ekitaldian, Alfonso Gilek azpimarratu du oso garrantzitsua dela unitate elektriko berrien aurkezpena Europako Mugikortasunaren Astearekin batera egitea. "Jasangarritasun-politika kalera ateratzeko aukera paregabea da. Herritarrei azaldu behar diegu nolako aurrerapenak egiten ari garen, eta sail guztietan egiten ari garen mugikortasun jasangarriko hobekuntza planak jakitera eman", esan du.

Ildo honetan, pozik azaldu da, osasun-garraioko unitate elektriko berriak iritsi direla-eta. Horiei gehitu behar zaie Bilbon dagoeneko ibiltzen diren bizikleta elektrikoak, taxi eta logistika-garraioko ibilgailu elektrikoak, eta autobus elektrikoak. Orobat, Eusko Jaurlaritzaren eta Osasun Sailaren lana, eta anbulantzia ez-kutsakor hauek ekarri dituzten konpainien ahalegina eskertu ditu.

2021

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak premiazkoa ez den osasun-garraioko zerbitzuaren bi lote La Pau-ri adjudikatu zizkion datozen hiru urterako, bi urteko luzapena egiteko aukerarekin. Jasangarritasuna zeharkako ardatza izanik, balorazio-pleguek jasangarritasunaren irizpideari eman zioten lehentasuna. Emisio txikiak edo emisio eza saritzen zituzten, horretarako ibilgailu ez-kutsagarriak erabiliz gero.

Ildo horretan, Nerea Urien Azpitarte Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Administrazio eta Finantzazio Sanitarioko sailburuordeak esan du "neurri honek argi eta garbi erakusten duela klima-aldaketaren aurka eta ingurumenaren defentsaren alde daukagun konpromisoa, betiere osasun publikoari lotuta. Gure ikuspegia -gaineratu du- jasangarritasunerantz joatea da. Beraz, balorazio-pleguetan, etorkizun jasangarriago baterantz doazen teknologia berriak lehenetsiko dira. Izan ere, jasangarritasuna ez dagokio bakarrik Ingurumen Sailari: Gobernuko eta Herriko apustu irmoa da. Eta, jakina, Osasun Sailaren apustua da. Izan ere, gaur hemen aurkezten dugunaren moduko keinu eta ekimenen eskutan dago ez bakarrik gure osasuna, baizik eta datozen belaunaldiena", nabarmendu zuen Nerea Urienek.

Erronka honen aurrean, La Pau kooperatibaren apustua izan zen teknologia elektrikoaren berrikuntzan inbertitzea, 115 anbulantzia elektrikoz osatutako flota bat eskainiz (erregai tradizionala erabiltzen duten beste 127 unitate daude). La Pau-rentzat erabaki erraza izan zen, haren arduradunen ahotan, beraientzat Bilboren ingurua ezin hobea baita trantsizio energetikorako ekimen hau egiteko, Bilbao 30 neurriaren bidez bultzatua.

"Oso harro gaude gure sektorearen abangoardian egoteagatik eta mundu osoko honelako lehenengo flota Euskadin aurkezteagatik", esan zuen Vicenç Chicharro Grup La Pau-ko presidenteak. Erantsi zuenez, "ekimen honen aitzindariak izateak argi erakusten du gure kolaborazioa, eta Osakidetzak eta Eusko Jaurlaritzak herritarren ongizatearekin daukaten konpromisoa ere bai. Politika berdeetan ere aitzindariak gara".

Anbulantzia elektriko berriek programatutako osasun-garraioan emango dute zerbitzua, hau da, erabiltzaileak diagnostikoko zentroetara, tratamenduetara edo ospitaleko kontsultak eta altak egitera eramaten.

IBILBAILU ELEKTRIKOEN ETA KARGADOREEN ERAKUSKETA

Oro har, La Pau-k Euskadin ematen duen premiazkoa ez den osasun-garraioko zerbitzua osasun-garraioko 242 unitaterekin egiten da. Horietatik 115 Mercedes Benz markakoak dira, % 100 elektrikoak. Horrenbestez, 95 birkarga-gune jarri dira kooperatibak autonomia-erkidego honetan dauzkan instalazioetan. "Proiektu hau egiteko, bazkide sendoen lankidetza izan dugu, hala nola Osakidetza, Mercedes Benz-Aguinaga, Iberdrola eta Euskabea", zehaztu du Chicharrok.

Mercedes Benz Vans-en ustez, "proiektu honek erakusten du gure furgoneta komertzialen elektrifikazioa ez dagoela kontraesanean beste aplikazio batzuetara egokitzearekin, hala nola larrialdi zerbitzuak, hozkailuko produktuen garraioa edo hileta-zerbitzuak, besteak beste", esan du Andres Orejón Mercedes-Benz Vans Españako zuzendariak. "MB Vans-ek, Espainian egiten duen apustuaren barruan, gogoeta bat egiten du: zer eskaini dezake elektrifikazioak garraioko enpresen irudia ez ezik errentagarritasuna hobetzeko? Horregatik, garraio mota bakoitzaren berezko beharrizanei egokitutako produktu bat eskaini gura dugu", amaitu du Orejónek.

Anbulantzia elektrikoen parkea aurkeztu ondoren, fabrikatzaile alemanak ibilgailu elektrikoetako asko erakutsi zituen bere standean (furgonetak eta turismoak), hala nola eVito, eSprinter eta abar.

Energiaren Euskal Erakundeak bere laguntza-programen bidez bultzatu du proiektu hori, eta aholkularitza teknikoa eta laguntza eskaini du hura garatzeko. Iñigo Ansola EEEko zuzendari nagusia mugikortasun eredu berri bat lortzera laguntzen duen ekimen honen aurkezpenean. Izan ere, garraioa da Euskadin energia gehien kontsumitzen duen sektorea.

Mercedes-Benz-ekin batera, Iberdrolak kargadore elektrikoen stand bat aurkeztu zuen, proba horiek errazago egiteko. "Proiektu honetan, Iberdrolak garraioa deskarbonizatzearekin duen konpromisoa erakutsi du beste behin ere. Hartara, birkargako soluzio bat eskaini du, anbulantzia elektrikoen ezaugarri eta premiei egokituta. Ehuneko ehunean berriztagarria den energia-horniduraren bidez eta La Pau-ren anbulantzien instalazioetan eskaintzen diren kargadoreei esker, anbulantziek ohiko zerbitzua modu jasangarrian, merkean eta erosoan eman ahal izateko. Iberdrolak zerbitzu horiek flotei nahiz partikularrei eskaintzen dizkie, eta birkarga publiko eta pribatuko azpiegitura gero eta zabalagoa eskaintzen du, horrela mugikortasun elektrikoaren ezarpen orokorra bermatzeko", esan du David Martínez Fernándezek, konpainiak EAEn daukan ordezkari komertzialak.