Gidatu bitartean mugikorraren zein beste gailu elektroniko batzuen erabilera kontrolatzeko kanpaina berri bat jarriko du martxan Bilboko Udaltzaingoak. Kanpaina hau ostegun honetan, irailak 16, hasi eta datorren asteko asteazkenera arte, hilak 22, luzatuko da.

Ekimena Euskadiko Bide Segurtasun eta Mugikortasun Plan Estrategikoaren barruan dator, eta xedetzat du bide segurtasunerako arriskua dakarten jokabideak zuzentzea.

Adibidez, gauza ziurra da pertsona bat mugikorretik berba egiten badabil gidatu bitartean, ez dela ohartzen trafiko seinale eta adierazpenen % 40az, eta haren batez besteko abiadura gutxitu egiten dela % 12, eta edozein ustekaberen aurrean erreakzionatzeko ahala ere urritu egiten dela.

Nolanahi ere, telefonoz hitz egitea ez ezik, nork deitzen duen begiratzea, mezuak irakurtzea eta bidaltzea eta aplikazioak erabiltzea ere arriskutsua da. Azken batean, mugikorra erabiltzea -eskaintzen dituen aukera guztietako edozein- ez da bateragarria gidatzeko nahitaezko arreta iraunkorrarekin.

Arrisku-egoera bera gertatzen da soinua hartzeko edo erreproduzitzeko aparatuetara konektatutako entzungailuak erabiltzen direnean. Eta, aipatutakoa aplikatzekoa zaie bizikletak edo mugikortasun pertsonaleko ibilgailuak -patinete elektronikoak esate baterako- gidatzen dituztenei.

Iaz, Bilboko Udaltzaingoak kanpaina bi egin zituen, antzekoak, mugikorrarekin berba egin bitartean edo beste gailu batzuk erabili bitartean gidatzeak ekarri ohi dituen arriskuez ohartaraztearren. Bi kanpaina horien emaitzak hauek izan ziren:

  • Kontrolatutako ibilgailuak, guztira: 15.194
  • Salaketak telefono mugikorra gidatu bitartean erabiltzeagatik: 48
  • Salaketak gidatu bitartean nabigatzailea erabiltzeagatik (GPS): 0
  • Beste arau-hauste batzuk (gehienak IATa, gidabaimenak, zirkulazio-baimenak edo aseguruak egin gabe edo iraungita edukitzeagatik): 5