Santander, Logroño eta Bilboko udalek martxan jarritako 'Bertatik Bertara 2021' programak tokiko kulturarekin erlazionatutako sei proiektu berri sustatu eta garatuko ditu.

Epaimahaiak kontuan hartu ditu proiektuen kalitatea, interesa eta zer berrikuntza dakarten. Bi edo hiru hirietako profesionalen arteko lan-sareak sortzea ere baloratu du, baita ekimenek herritarrengan izan dezaketen eragina ere. Hautatutako sei proiektuetatik, bost hiru hirietako kultur agenteek diseinatu dituzte eta bat bakarra bi hiritako profesionalek.

Oraingo honetan, hauek izan dira epaimahaiko kideak: Iñaki López de Aguileta, Bilboko Udaleko Kultura zuzendaria; Justo Ezenarro Mugaguren, Bilboko Udaleko Kultur Programazioko zuzendariordea; Dolores Fernández Martínez, Logroñoko Udaleko Kultura, Hezkuntza, Gazteria eta Haurtzaroko zuzendari nagusia; Juan García Calvo, Logroñoko Kultur Jardueren zuzendaria; Marina Diego Alonso, Santander Creativa Fundazioko (FSC) koordinatzailea; eta Almudena Díaz Gutiérrez, FSCko zuzendaria.

Puntuaziorik handiena lortu duten proiektuak, eta, beraz, hemendik urte amaierara gauzatuko direnak, hauek dira:

  • La Reunión en Danza (La RED) proiektua, Kantabriako "Movimiento en Red" dantza-profesionalen elkarteak, Bilboko La Fundición-ek eta Logroñoko Madrugada Producciones-ek gauzatuko dutena.

Proiektu hau dantza garaikidearen ingurukoa da, eta deialdi ireki baten bidez, hiru hirietako bakoitzean sortu edo bizi diren hiru sortzaile hasiberri aukeratuko dira. Programa hiru hirietako aretoetan aurkeztuko da eta jardunaldi bakoitza aukeratutakoez besteko konpainia profesional banarekin amaituko da. Hiri bakoitzak bidea egiten ari diren artistak hartuko ditu bi egunetan; egun horietan artistentzako eta publiko orokorrarentzako jarduera osagarriak programatu dira.

  • "Las vivas - Plataforma de danza": Mariana de Paula (Santander), Mar García (Bilbo) eta Jorge Tesone (Logroño).

Proposamen horren barruan daude ikuskizunak, dantza garaikideko tailerrak eta kultur kudeaketari buruzko solasaldiak, Santanderren eta Logroñon. Deialdia egingo da bi hirietako bi konpainia hautatzeko eta, horiek, beken bidez, tailerretan eta prestakuntza eta bitartekaritza programa batean parte hartu ahal izango dute.

  • "Mañanas Incierto": Cantabri@Europa kultura-elkartea, Bilboko RMO Kultura Elkartea eta Logroñoko Chamán Kultura Elkartea.

Hiru hirietako hogeita hamar sortzaile eta kultura-eragile baino gehiago bilduko dira proiektu honetan. Arte bisualen, soinu-arteen eta arte eszenikoen topaketak eta erakustaldiak egingo dira, eta "kulturaren zalantzazko etorkizunari" buruz eztabaidatuko da.

  • "ENLAZart: intersecciones en movimiento": Gil liburu-denda (Santander) eta Alexi Hoffer (Little Creativity Suitcase, Bilbokoa).

Arte garaikideko zenbait zentro eta kaleak izango dira proiektu honetako agertoki, non kulturako eragileek eta egileek obrekin lotutako esku-hartzeak sortuko baitituzte, hiri bakoitzean bertaratzen direnen begiradak, ekintza eta parte-hartzea eragiteko. Proiektuaren helburu nabarmenetako bat da hainbat diziplinatako eragileen artean sareak sortzea, elkarguneak partekatzea, parte hartzen duten pertsonen ekintzaren, esperimentazioaren eta ezagutzaren eragin-eremua zabaltzea eta arte garaikidea duten leku periferikoetan proposamen berritzaileak sortzea.

  • "El patrimonio de la palabra": Alberto Sebastián (Kantabria), Ana Apika (Bilbo) eta Carlos García Domingo (Logroño).

Komunikatzeko modu gisa ahozkotasuna du oinarri proiektu honek. Hiru hirietan hiru ekintzatan egituratutako jarduera-programa aurkezten dute: ahozko narrazioa, ahozko sorkuntza eta Gustavo Martín Garzo Literatura Sari Nazionalaren hitzaldia.

  • "DOS EN LA CARRETERA. Una ruta de ida y vuelta entre Logroño y Bilbao": Urbanbat. Hiri Berrikuntzako Bulegoa. Koop. Elk. Txikia eta Javier Peña Ibáñez errioxarra.

Bilboren eta Logroñoren arteko joan-etorriko bidaia. Hainbat geltoki, arkitekto eta artistek bi hirietako arkitektura eta hirigintza lotuko dituzte. Gainera, amaierako jarduera bat egingo da; Bilbon, "La Terminal"en eztabaida-mahaia, eta Logroñon, berriz, Arkitektoen Elkargo Ofizialean jarduera bat tokiko eragileekin.